

Nafarroako Eskola Kontseiluaren aurrean 2007ko apirilaren 21ean STEE-EILASek egindako elkarretaratzea
Ofizialtasuna lurralde osoan, Euskal Herria osoan euskararen normalizazio linguistikoaren bidean lehenengo urratsa da. Euskal hiritar guztien funtsezko eskubidea da euskeraz jakitea eta erabiltzea eguneroko bizitzan esparru guztietan eta eskubide hori hezkuntza sistemak osorik eta pertsona guztiei bermatu behar die.
Euskararen legeak zonaldeka bereizten gaitu. Zonalde euskaldunean hezkuntza sistemak derrigorrez bermatu behar die ikasle guztiei euskararen ezagutza. Hainbat azterketek eta errealitateak berak frogatzen dute A eta B ereduak ez dutela helburu hau bere osotasunean lortzen eta eredu hauek zonalde euskaldunean indarrean daude oraindik, legearen iruzur eginez.
Zonalde mistoan euskera ikastea, euskaraz ikastea, eta gaztelania hutsean ikastea euskeraren berri izan gabe ere, aukerazkoa da. Eredu linguistikoek ahalbidetzen dute hau. Honi gaineratu behar zaio azken boladan Britsch bezalako esperimentuarekin (ingelesez %50 eta gaztelaniaz beste 50%) euskeraren existentzia sumatu gabe eskola aldi osoa. Gaur egun legez ikastetxeak ez daude euskera eskaintzera derrigorturik.
Azkenik zonalde ez euskalduna ere definitzen du indarrean denbora gehiegiz dugun lege honek, eta ondorioz naiz eta Nafarroako ezaugarrietako bat izan eta beste ondasun guztiak bezala, Oliteko Gaztelua eta Bardeetako ingurua, denona izan, euskera lapurtzen zaie Nafarroako hegoaldeko herritar guztiei.
Nafarroako bi hizkuntza propioen ezagutza guztiz asimetrikoa da. Hizkuntza ereduak segregatzaileak dira eta kohesio sozialak eta aukera berdintasunak exigitzen du ereduen sistema desegitea. Hezkuntza eredu linguistikoetan antolatzeak ikastetxeetan talde homogeneoak sortzen ditu eta horren ondorioz jendarteko elkar bizitza larriki tenkatzen da eta dagoeneko etorkizun hurbilean sumatu daitezke gatazkak.
Hizkuntza Normalizaziorako beharrezkoa dira lege aldaketak Nafarroan. Alderdien arteko mota guztietako akordioak egon dira beste Erkidegoetan bide honetan. Balear Uharteak, (PPren gehiengoarekin), aspaldi dute irakaskuntzarako hizkuntza normalizaziorako dekretua eta bertan ezartzen da irakaskuntza guztiaren gutxienez %50, maila guztietan eta ikastetxe guztietan mota guztietan katalanez izango dela. Galizian ere antzeko dekretua egina dute.
Euskal Herrian bertan baditugu bestelako hizkuntza politikak. Euskadiko Erkidegoan legez hezkuntza sistemak euskeraren ezagutza bermatu behar die ikasle guztiei derrigorrezko eskolaldiaren amaieran. Oraindik ez da lege honek diona betetzeko beharrezko ziren neurri guztiak indarrean jarri.
Edozein modutara ezin ahaztu hizkuntza baten transmisioa, biziraupena ezin dela irakaskuntzari bakarrik agindu. Euskera ezin da ikastetxe barruko hizkuntza soilik izan, presente egon behar du gure inguru linguistikoan, entzun egin behar da plaza publikoan, telebistan, irratian, antzerkian, zineman, hitzalditan, sindikatuan, edonon.
Badago nondik ekin eta hurrengo parlamentuan eratuko den gobernuari eskatu nahi diogu, arren, euskararen normalizazioa premiazko gaitzat har dezala. Lingua Navarrorum den honek, bizirik irauteko, aldaketa sakonak, berehalakoak eta neurri eraginkorrak behar ditu, lehen lehena ofizialtasuna lurralde osoan.
Iruñean, 2007ko Apirilaren 21ean.

|