Euskal hezkuntza sistemaren barruan lekurik ote du?
Bai, dudarik ez. Zenbaki orokorretan, gure ikastetxeetako geletan urtez urte lanean aritzen diren irakasle guztietatik %25-30a ez dira funtzionarioak. Honen ondorioz, beraz, irakasle bitartekoen lanik gabe gureetako ikastetxe batek ere ezin izango luke behar bezala funtzionatu.
Are gehiago, honen beste froga bat: orain arte interino egonkor izaera izan duten 1.500en artean, %80 bat urtero-urtero izaten dira aurreko ikasturteko ikastetxe zein plaza berberetan finkatuak, behar-beharrezkoak direlako, hain zuzen ere.
2006ko ikasturte hasierako esleipenetan 4.500-6.000 plaza (lanaldi murriztukoak kontuan harturik ala ez) eskaini dira guztira. Honek esan nahi du egungo interino egonkor bakoitzeko 3-4 lanpostu huts badaudela. Eta hau guztia euskal hezkuntza sistema eta gure ikastetxeen beharrizan berriei erantzun egokia emateko beharko genituzkeen plaza berri mordoa oraindik sortu gabe.
Zer nolako eragina izan dezake balizko oposizioetarako deialdiak?
Ondorio posible bakarra izan zitezkeen destinoen halabeharrezko aldaketak (desplazamenduak, eraldatzeak), azken urteotakoak baino gehiago, behintzat, eta betiere EPEetan eskainiko litezkeen plaza konkretuak zein oposizioa gaindituko luketen egungo interino egonkorren kopuru zehatzaren arabera.
Baina goiko puntuan adierazitako zenbakietan oinarrituz zera geratzen da argi: plaza asko eta asko interinitatearen bidez betetzen jarraitu beharko lukete, hau baita, eta beti izango da, gure hezkuntza sistemaren beharrizan guztiz estruktural bat.
Izan ere, beti egongo da oposizioetan edota funtzionarioentzako leku-aldatze lehiaketetan eskaini ezin izango diren lanpostu kopuru altu bat: hauetako batzuk ezin dira ikastetxeetako lanpostu zerrenda ofizialetan islatu, beste batzuk " ikastetxeak definitu beharreko " gisa azaltzen dira, eta beste batzuk bestelako destinoetan dauden irakasle titularrek libre utzitakoak dira (zerbitzu eginkizunak, IRALE, ikasteko lizentziak, gaixotasun baja luzeak, urte sabatikoa, soldatarik gabeko baimenak, lanaldiaren murrizketak guztira,.).
Beraz, oposizioak egin ala ez, irakasle bitartekoek bete beharreko lanpostuen kopurua egungo 1.500 interino egonkorrena baino askoz altuagoa izango da beti.
Bidezkoa ote da legalki?
Egia da egonkortasun konpromisoaren azken akordioaren kontra (158/2004 Dekretua, uztailaren 27koa) CCOOk aurkezturiko errekurtsoaren ondoriozko sententziak zalantzatan jar lezakeela honen zilegitasun juridikoa funtzio publikoaren marko orokorraren barruan. Baina akordioaren mamiaren aurkakorik ez du inolaz ere egiten, egonkortasun konpromisoa bera, hots, ez du debekatzen. Horregatik, paradoxikoa da oso sententzia errekurritu eta egonkortasun konpromisoa 20 urte baino gehiagotan indarrean etengabe mantendu duen administrazioak berak zeharkako argudio horri hain gogor heltzea.
Gure aburuz, aldiz, hezkuntza sailak sindikatu batzuekin batera sinaturiko hurrenez-hurreneko luzapen eta akordioei esker denbora luze horretan zehar egonkortasun konpromisoak indarrean irauteak beronen zilegitasuna finkatu egiten du argi eta garbi. Are gehiago, hezkuntza administrazioa bera azaldu da behin baino gehiagotan, publikoki zein legebiltzarrean bertan, zilegitasun juridiko honen defentsan, irakaskuntza publikoko langileen lan-baldintzei buruzko negoziazio kolektibo guztiz legalaren ondoriozko alde bien arteko akordioetan hain zuzen ere oinarrituz.
Antzekorik al dago beste inon?
Ez, gurean daukaguna behintzat, beste erkidego autonomo batzuetan bestelako formula batzuk ezarri badira ere, dena den, ez hau bezain landuak. Izan ere, gure egonkortasun konpromisoa ezinbesteko erreferente eta eredu bilakatu da leku guztietako irakasle bitartekoen aldarrikapen garrantzizkoenen artean, eta irakaskuntza publikoaren arloko borroka sindikalaren lorpen nagusietarikoa dugu dudarik gabe.
Toki batzuetan, esaterako, ikastetxeetako finkatze sistema hutsa jarri da martxan, hau da, gure egonkortasun konpromisoaren ezaugarrietariko bat, baina, gurean ez bezala, plaza galtzekotan ez dago birkokatua izateko inolako bermerik. Eta hau oso galera handia da, jakina. Gainera, sistema maltzur horrek interinoak bultzatzen ditu, berez, plazarik txarrenak hartzera, urrunenak nahiz zailenak, hola denbora luzeagoan finkatuak mantenduko direlakoan edo funtzionarioek nekez desplazatuko dituztelakoan. Eta bai gizajoa hala eta guztiz ere zer edo zergatik desplazatu suertatzen dena!. Aukera izango du bakar-bakarrik finkatutako gainontzeko guztiek betetzen ez dituzten lanpostu gutxi eta kaxkarren artean aukeratzeko, berauek baino puntu gehiago izan arren. Izangaien zerrendak kudeatzeko ohiko prozedura, beraz, hankaz gora jartzen da, antzinatasunaren oinarrizko printzipio bertan behera utziz. Hori bai, administrazioaren lana izugarri errazten du eta hezkuntzaren funtzionamendua Osakidetza edota administrazio orokorrenarekin parekatzen da, kontuan hartu gabe, halere, garrantzi handiko ezberdintasun bat: beraien lanpostuak askoz egonkorragoak dira irakaskuntzakoak baino, urte batetik bestera hain erraz ez direlako aldatzen.
Eta hauxe dugu, bada, egungo egonkortasun konpromisoaren ordez hezkuntza sailak oposizioekin batera eskaintzen digun formula!
Zein dira egonkortasun konpromisoaren ondorio onak?
Lehenik eta behin, noski, egonkor izaera duten irakasle interinoentzako, kontuan harturik, halere, irakasle bitarteko guztien heren bat ere ez direla. Hauei dena den, aspektu garrantzitsu askotan funtzionarioekiko ia parekatze osoa dakarkie: urte osorako eta urte batetik bestera lanpostua eta soldataren bermea, ikasturtez ikasturte ikastetxean finkatua izateko aukera, euskalduntze zein etengabeko prestakuntza planetan parte hartu ahal izatea, akordioan jasotako lizentziak eta baimenak izateko eskubidea, maileguak eskatzea,.
Era berean, orain egonkorrak ez direnak inoiz izan daitezela eta, ondorioz, lan-baldintza hobeagoak disfruta ditzaketela ahalbidetzen du egonkortasun konpromisoaren kupo finkoak (are gehiago kupoa handitzen bada!), zerrendari eta zerbitzuen antzinatasun irizpideari jarraituz sorturiko bajak bete ahala.
Eta ez bakarrik langileontzako, baizik eta ikastetxeetarako ere oso ondorio onak baditu: interino egonkorren urtez-urteko finkapenak ikastetxe guztietako plantillaren egonkortasun handiagoa dakar, antolakuntza askoz hobeagoa eta hezkuntza proiektuen jarraipen egokiagoari izugarri lagunduz.
Oro har, beraz, euskal hezkuntza sistema osoaren onerako da egonkortasun konpromisoa: ikastetxeen funtzionamendua erraztu eta hobetu, ikasturte hasieran lekuz aldatu behar dutenen kopurua jaitsi, esleipenetarako langileriaren kudeaketarako prozesuen bolumena txikitu egiten du, besteak beste.
Horrek guztiak ondorio zuzenak ditu, azken finean, gure ikasleek, familiek eta euskal gizarte orok jasotzen duten hezkuntza zerbitzu publikoaren kalitatearen hobekuntzan.
Orduan, zergatik akabatu egiten du hezkuntza sailak?
Hasteko, akordio bat sinatu du sindikatu batzuekin funtzio publikoko mahai orokorrean, zeinaren arabera konpromisoa hartu duen langile ez finkoen kopurua murrizteko. Eta bere ustez administrazioaren barruan egonkortasun neurri posible bakarra funtzionario izaeran datza, hau da, oposizioak gainditzean. Halere, hauxe dugu sailaren erabaki guztiz politikoa eta aldebakarrekoa.
Baina horri jarraituz, asmoa iragarri du dagoeneko oposizioetarako deialdi bat ala batzuk egiteko, gutxi gorabehera 1.500 lanpostu eskainiz (kurioso samar, interino egonkorren egungo kupo berbera!). Plaza horiek ateratzeko ikastetxeetako lanpostuen zerrenda ofizialean 1.060 plaza gehiago txertatuko ditu eta, gainera, interino egonkorrek egun betetzen dabiltzanak ere erabili behar du, azken hau argi ez badu esaten ere. Honela, oposizioa gaindituta funtzionario bilakatuko dira batzuk eta hori lortzen ez dutenek egonkortasuna galduko dute, baita egoera horri atxikiriko lan-baldintzak: konpromiso gutxiago administraziorako, beraz. Eta ezin da inolaz ere ziurtatu plazak eskainiko direnik espezialitate guztietan.
Egia bada ere funtzionario izaera bezalako egonkortasunaren bermerik ez dagoela, ez da, aldiz, hau bateraezina izan behar denik interino egonkorren kupo bat eta beraien lan-baldintza hobeagoak mantentzearekin, ezta beste maila bateko beste egonkortasun mota batekin ere. Eta, esan bezala, datuek hori frogatzen digute.
DENON BORROKA DA EGONKORTASUN KONPROMISOA BERRESKURATZEA!
2006ko irailaren 22an |