Aurkezpena
Arautegi hau ez da Lan arriskuen prebentziorako Legea garatzeko arautegi xumea, Legea aplikatzeko oinarrizko tresna baizik, legean ezartzen diren prebentzio betebeharrak martxan jartzeko prozedurak eta bitartekoak zehazten baititu. Arautegi honen falta enpresek eta Herri administrazioek aitzakiatzat erabilia izan da beren erantzukizunak ahazteko eta inolako araurik egon ez balitz bezala jokatzen jarraitzeko.
Arautegia Gobernuak, enpresariek eta CC.OO. eta UGT sindikatuek adostua izan da.
Arautegiaren alderik garrantzitsuenak hauexek dira: prebentzioa enpresaren kudeaketaren beste atal bat baino ez denez, kudeaketa osoan kontutan hartzekoa dela; arriskuen ebaluaketa langileen eta berorien ordezkarien parte hartzeaz egiteko beharra; ekidin daitezkeen arriskuak ezabatu behar direla eta ekidiezinak direnen inguruan prebentzioa antolatu behar dela, kalteak ekiditzearren; enpresaren tamaina, beren zereginen arriskuak eta duen ahalmen teknikoaren arabera, prebentzioa enpresak zuzenean hartua izan daiteke, langile batzuk izendatuz, Prebentzio Zerbitzua antolatuz, aldizka kanpotik aztertua izango dena, edo behar bezala akreditatua dagoen kanpoko zerbitzu batekin kontratatuz ere egin daitekeela; Prebentzio Zerbitzuetako medikuek langileen datuak isilpean mantendu behar dituztela, eta osasun zainketa lanak sortutako arriskuekin lotuz eta Osasun administrazioarekin koordinatuz egingo dela.
Arautegiaren onarpenak Legeari buruz hitz egin dugunean aipatzen genuen erronka bera planteatzen digu. Espainiar estatuan laneko segurtasun eta osasunaren egoera hain penagarria bada ez da araurik ez dagoelako. Laneko Segurtasun eta Higienerako Ordenantza Orokorrak inoiz bete izan ez diren betebehar asko ezarri zituen. Lan arriskuen prebentziorako Legeak eta Prebentzio Zerbitzuen Arautegiak erregulazio modernoagoa eskaintzen digute, baina berriro ere paper errea izan daitezke, bete daitezen beharrezkoa den ahalegina egiten ez badugu.
Aurre egin behar diogun beste aukera bat Arautegiaren aplikazio formala da, orain arte enpresetan edo Herri administrazioetan egon diren Enpresako Zerbitzu Medikuei izena aldatzea eta kito. Erabili nahi izango duten beste saihesbidea da Prebentzio Zerbitzua kontratatzea baina kosturik baxuena eskaintzen duten Mutua edo entitateekin, lan arriskuen ebaluaketa merkea eta gainetik eginda eskaintzen dutenekin, eta prebentzio edo zuzentzeko neurrien zerrenda txikiena agintzen dutenekin. Hots, azala garbitu, dena beti bezala mantentzeko asmoz.
Publiko zein pribatuak diren enpresarien joera hori ekiditzeko Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordearen konpetentzien artean zer motatako Prebentzio Zerbitzua eduki behar den erabakitzeko konpetentzia egotea proposatu behar dugu komenioen negoziazioan, baita Zerbitzuak egiten duenaren gaineko kontrola ere. Halaber, arriskuen ebaluaketa egiteko modua ere Batzordeak onartzea eskatu behar dugu, Arautegiak kontsulta baino ez du jasotzen eta.
Baina hori guztia ez da nahikoa. Enpresarien saiakerak eteteko prest egon gaitezen ezinbestekoa da langileok informatuta egotea, eta horretarako Arautegiaren laburpena sartuko dugu segidan, baita berau aplikatzeko gutxienezko baldintzen zerrenda ere, biak Instituto Sindical de Trabajo, Ambiente y Salud-ek (ISTAS) prestatuak.
Arautegiaren puntu garrantzitsuenak
1.-Prebentzio integratua aldarrikatzen da (1.1. art.). Hots, enpresak hartzen dituen erabaki guztiek prebentzio helburuekin bat egin behar dutela. Halaber, enpresako maila guztietako agintariek, prebentzio plana ezagutu eta, norberaren arduraren arabera, aplikatu behar dute.
2.- Enpresan aplikatu behar diren prebentziorako ekintzak zehazteko prozeduraren oinarria "lanpostu guztien egoera ezagutzea da, ekidin daitezkeenak ekiditzeko eta ekidiezinak direnak ebaluatzeko" (2.2. art.). Hori guztia pausuz pausu egingo da:
a) Arriskuak eta beroriek eraginda dauden langileak zehaztea lanpostu guztiei buruzko informazioa bilduz, beti ere langileen iritziak jasoz (5.1. art.). Horrela datu hauek ezagutzea lortuko da:
- lanaren ezaugarriak eta antolaketa,
- lehengaiak eta lan ekipoak,
- langileen ezaugarriak eta osasun egoera
b) Neurketak egiteko irizpide objektiboak finkatu "dauden ezagupen teknikoak edo langileekin hitzartutakoak aplikatuz" (5.1. art.), horretarako erreferentzia batzuk proposatzen dira (5.3. art.):
- lehenengoz, legediak dioena,
- arau legalik egon ezean, honako hauek erabiliko dira: UNE arauak, erakunde publikoek egindako gidak edo nazioarteko arauak,
- aurreko guztia egongo ez balitz, ospe handiko entitate teknikoek egindako gidak erabil daitezke.
c) Aldez aurretik ezarritako irizpideak erabiliz arriskuak ebaluatzea, fidagarriak diren prozedurak aplikatuz, eta horrela, zalantzatan egotekotan, prebentzio neurririk onenak onartzea kasu guztietan (5.2. art.). Ebaluaketa prozeduren hautaketa aurreko puntuan aipatutako oinarri berberak ditu, langileak edo beraien ordezkariak kontsultatzea barne (3.2. eta 5.1. art.). Ebaluaketa "gai den pertsonalaren esku hartzeaz" (4.3. art.) egingo da, baina adituek esku hartzeak ez du gainontzekoen parte hartzea ukatzen.
d) Ebaluaketaren emaitzen arabera beharrezkoak diren prebentzio ekintzak planifikatu . Plangintzak lehentasunak ezarri behar ditu, arriskuen larritasuna eta eraginda dauden pertsona kopuruaren arabera. Plangintzak epe zehatza edukiko du eta burutuko diren ekintzak, erabiliko diren bitartekoak (9. art.) eta beharrezkoak diren aldizkako kontrolak ere zehaztuko ditu (3.1. art.).
3.- Enpresan prebentzioa antolatzeko tresna prebentzio plana da eta bertan bi gauza zehaztuko dira batez ere:
a) Prebentzio sistemaren antolaketa: organigrama, zereginak, prozedurak, diru baliabideak, e.a.
b) Arriskuei buruzko informazioa (zeintzuk diren eta bere ebaluaketa) eta arriskuak ekiditzeko hartutako estrategiak (kontrolerako plan eta neurriak, formazio eta informazio ekintzak, larrialdietarako neurriak, osasun zainketa, e.a.).
Prebentzio plana aldizka aztertua izango da, ondo doala konprobatzeko. Planaren helburuak urte betean lortzea ezinezkoa balitz urteanitza den ekintza plangintza egingo litzateke.
4.-Arriskuen ebaluaketa ekidiezinak izan diren arriskuei buruzko informazioa lortzeko prozesua da, baita hartu behar diren prebentzio neurriei buruzkoa ere (3.1. art.) eta hasiera batean enpresa guztiek egin behar dute (4. Art.).
5.- Hasierako arriskuen ebaluaketa honako kasu hauetan aztertua eta eguneratua izango da (4.2. eta 6. art.):
a) Aztertutako egoeraren aldaketak gertatzen direnean (ezaugarri bereziak dituzten langileak kontratatzea, lanaren ezaugarriak aldatzea, lehengai berriak erabiltzea, lan ekipoak aldatzea, e.a.).
b) Prebentzio neurriak ezegokiak edo txikiegiak direla adierazten duten langileen osasun kalteak agertzen direnean.
c) Enpresa eta langileen ordezkarien artean horrela hitzartzen denean.
6.- Arriskuen ebaluaketa prozesuak araututako agirietan isladatuta geratuko da (7. Art.), zeinak Prebentziorako Delegatuen eskura egon behar diren, Lan arriskuen prebentziorako Legearen 36.2.b artikuluaren arabera. Agiriek honako datu hauek bilduko dituzte:
- lanpostuaren identifikazioa,
- dauden arriskuak eta eragindako langileak,
- ebaluaketa egiteko erabilitako irizpide, prozedura eta metodoak,
- ebaluaketaren emaitzak,
- prebentzio neurriak.
7.- Prebentzio ekintzak burutzeko, prebentzio zerbitzuak antolatzeko 4 moten artean bat edo batzuk aukeratu behar ditu enpresak (10. art.)
a) Enpresariak prebentzioa bere gain hartzea osasun zainketa izan ezik (11. art.).
b) Langile bat edo batzuk izendatzea, prebentzio ekintzak burutzeko beharrezkoak diren gaitasuna, bitartekoak eta dedikazioa dituztela ziurtatuz (12. eta 13. art.).
c) Prebentzio Zerbitzu propio edo amankomunatua eratzea, zeinak dedikazio osoko bi espezialista gutxienez izango dituen -medikua, higienista, segurtasun teknikaria edo ergonomoa/psikologoa- (14., 15., eta 21. Art), eta 5 urtetan behin auditoria pasatuko duen.
d) Prebentzioa akreditatuta dagoen kanpoko zerbitzu batekin hitzartzea (Mutua edo beste entitate espezializatua). Hitzarmena idatziz egingo da, langileen ordezkaritzarekin kontsultatu ondoren. (16-20. art.)
8.- Osasun zainketa langileen eskubidea da, Prebentzio Zerbitzuak bete behar duena. Beraz, Prebentzio Zerbitzu guztiek laneko medikuntzan espezializatuta dagoen edo enpresako medikuntzako diplomatua den mediku bat eta enpresako erizain bat gutxienez eduki behar dituzte. (37.3. art.). Osasun zainketa honako oinarri hauek errespetatuz egingo da:
a) Langile bakoitzarengan eragina izan dezaketen arriskuen arabera eta osasun arloko agintariek ezarritako protokolo bereziak jarraituz egingo da (37.3.c art.).
b) Hasierako azterketa medikuak kontratazioaren ostean egingo dira (37.3.b art.). Agindu horrek hainbat arau eta komenio aldatu beharra ekarri du, azterketa medikua langilea kontratatu baino lehen ezartzen baitzuten.
c) Langileek dituzten patologien balizko sorburu profesionala bilatu behar dira, eta, irizpide epidemiologikoak erabiliz prebentzioa hobetu behar da; (37.3 b eta f art.).
d) Osasun zainketa ezin da prebentzioarekin zerikusia ez duten helburuak lortzeko erabili, abstentismoa kontrolatzeko, adibidez (37.3 d art.).
e) Prebentzio Zerbitzuko pertsonal sanitarioak premiazko laguntza eta zainketa egingo ditu (37.3 h);
f) dauden arrisku motek hala eskatzen badute, lana utzi ondoren azterketa medikuetara joateko langileen eskubidea bermatuko da Osasun Sistema Nazionalaren bidez (37.3 e art.);
g) datu medikuak isilpean gordeko dira eta Prebentzio Zerbitzuko sanitarioa ez den pertsonalak ere ezin ditu datu horiek eskuratu (15.2 eta 18.3 art.)
9.- Langileek parte hartzeko eskubidea dute, prebentzio neurrien diseinu, onarpen eta burutze prozesuetan, eta bereziki segidan aipatzen diren arloetan:
- Arriskuen ebaluaketari buruzko kontsulta, baita segidan doan prebentzio ekintzen planifikazio eta antolaketari buruzkoa ere (1.2 art.)
- Enpresan edo lantokian erabiliko den ebaluaketa prozedurari buruzko kontsulta (3.2 art.)>
- Arriskuen ebaluaketa berraztertzeko epeak hizartzeko aukera (6.2 art.)
- Arriskuak identifikatzen ari denean langileengandik jasotako informazioa kontutan hartzeko betebeharra (5.1 art.)
- Arriskuen ebaluaketa egiteko irizpideak hitzartzeko aukera (5.1 art.)>
- Kanpoko Prebentzio Zerbitzu batekin prebentzio ekintzak hitzartu aurreko kontsulta (16.2 art)>
- Amankomunatutako Prebentzio Zerbitzua eratzeko erabakia hartu aurreko kontsulta>
- Prebentzio sistemaren funtzionamendua aztertzen ari denean langileengandik jasotako informazioa kontutan hartzeko betebeharra (30. art.)
- Azterketa edo auditoria horren kopia jasotzeko eskubidea (31. art.)
10.- Prebentzio Zerbitzuak akreditatzeko eta auditoriak egingo dituzten entitateen baimenak emateko irizpideak Laneko segurtasun eta osasunerako Kontseilu Nazionalean eztabaidatuko dira.
Arriskuen ebaluaketa eta parte hartze sindikala
ISTASek arriskuen ebaluaketaren kudeaketa sindikalerako prozedura erraza proposatu du Prebentzio Zerbitzuen Arautegia oinarritzat hartuz. Gutxienezko proposamena da, eta lantokiz lantoki aurrerago joateko proposamenak egin daitezke. Informazioa jasotzeko inprimakien ereduak ere prestatu ditu ISTASek, ahal izan den guztietan Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalak proposatutako ereduak jarraituz.
Lan arriskuen ebaluaketaren kudeaketa sindikalerako oinarrizko prozedura
1.-Enpresari oinarrizko informazioa eskatzea "arriskugarriak diren gauzak eta eragindako pertsonak identifikatzeko" (5.1 art.). Informazio hori, gutxienez, zera eduki behar du:
a) Enpresaren lan arlo guztietan dauden arriskuen banaketa.
b) Arlo edo lanpostu horiei dagozkien osasun datuen banaketa.
2.- Enpresak emandako informazioa lankideen ikuspuntuarekin alderatu. Modu batzuk daude Prebentziorako Delegatuak langileen iritzia jasotzeko:
a) Banan-banan: galdetegia langile bakoitzari pasatu eta gero arrisku mota bakoitza dagoen ala ez galdetzen duen galderari lan arlo edo lanpostu bakoitzean jasotako baiezko erantzunen portzentaia kalkulatu;
b) Taldeka: galdetegia ere erabil daiteke talde eztabaidan langileen iritziak jasotzeko;
c) Egoera ondo ezagutzen duen pertsona bakar batekin (informatzaile-klabea): galdetegia erabil daiteke enpresa osoari buruz edo arlo bati buruz duen iritzia eskatzeko.
3.- Enpresak emandako eta langileengandik lortutako informazioak bildu. Bi informazioen artean dauden aldeak enpresako gainontzeko ordezkari sindikalekin eztabaidatu. Langileen parte hartze zuzena posible izan ez bada, enpresak emandako informazioa ordezkari sindikalen ikuspuntuarekin alderatu.
4.- Bi informazioen artean dauden ezadostasunen zerrenda egitea eta lanpostuak bisitatzeko plangintza egitea egoera zuzenean ezagutzeko eta langileengandik informazio gehiago jasotzeko.
5.- Lanpostu eta arlo guztien arazoekin gure zerrenda propioa egitea.
6.- Enpresarekin kontsensuzko zerrenda negoziatzea, baita ebaluaketaren irizpideak eta prozedurak ere. Enpresak derrigorrez kontsultatu behar ditu horrelako gauzak Prebentziorako Delegatuekin (3.2 eta 5.1 art.). Negoziazio horretarako komenigarria izan daiteke aholkulari sindikalak eramatea (Lan arriskuen prebentziorako Legearen 38.2. artikuluaren 3. paragrafoak aukera hori ematen du). Balorazio irizpideei buruzko kontsensua lortuko ez balitz 5.3 artikuluan agertzen diren irizpideak erabiltzea gomendatzen da, hurrenkera bera jarraituz.
7.- Ebaluaketa prozeduraren aplikazioak Prebentziorako Delegatuaren presentzia eskatzen du (Legearen 36.2 a art.). Beraz, Delegatuak teknikariak bisitaldietan laguntzea oso garrantzitsua da. Bisitaldietan honako gauza hauek zaindu behar dira bereziki:
a) Bisita egiteko unean dauden lan baldintzak ohizkoak izatea.
b) Neurketak egiten badira, egokiak diren puntuetan egitea.
c) Langileen iritziak hartuak izatea.
8.- Teknikariek egindako txostena eskatzea eta bere aztertu eta ikertu, beharrezkoa balitzsindikatuaren laguntza eskatuz.
9.-Konponbide proposamenak prestatzea. Konponbideak proposatu ahal izateko arazoren bat sakonago ikertu behar dela uste denean prozedura honetako 6. Puntura itzuli. Proposamen guztiak arazoa bizi direnekin kontsultatu behar ditugu, eta enpresako gainontzeko ordezkari sindikalekin estrategiarik egokiena eztabaidatu.
10.- Egindako proposamenekin negoziazio berria zabaldu behar da enpresarekin prebentzio plana hitzartzeko. |