Aurkezpena
LAN ARRISKUEN PREBENTZIORAKO LEGEA indarrean sartu zenetik (1995.eko urria) urte piloa pasatu denean, eta hala bere ezarpena nola beren arautegien garapena motel baino motelago doala ikusita, Legearen gauzarik aipagarrienak laburbildu nahi izan ditugu liburuxka honetan, argitalpen ofiziala baino irakurterrazagoa izango delakoan, Legea ezagunagoa izan dadin eta bete dadila. Horrez gain, Euskal Herriko irakaskuntza arloko lan osasunaren egoera eta ekintza sindikalerako zenbait ohar ere bildu ditugu, baliogarriak izan daitezkeelakoan.
Lan arriskuen prebentziorako Legeak 7 kapitulu eta 54 artikulu ditu zeinen mamia laburbildu nahi izan dugun, Legearen edukiaren berri denok izan dezagun.
LAPLren iturburua bi lege agindutan dago:
1. Konstituzioaren 40.2 artikulua: "Halaber, aginte publikoek langileen formazioa eta birziklapen profesionala bermatzen dituen politika bultzatuko dute, laneko segurtasun eta higienea zainduko dituzte eta beharrezkoa den atsedenaldia bermatuko dute, lan ihardunaldia mugatuz, ordaindutako oporrak ziurtatuz eta egokiak diren zentroak bultzatuz"
2. Europar Batasunerako Itunaren 118 A.1 artikulua: "Europar Batasuneko kideak diren estatuek lan ingurunearen hobekuntza bereziki bultzatu beharko dute, langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko eta estatu guztietan arlo honetan dauden egoera bateratzeko beti ere aurrerapena helburu dutelarik."
Lan arriskuen prebentziorako Legea europar zuzentarau batzuk betetzera dator:
1. 89/391/CEE Marko deritzon Zuzentaraua : "Langileek lanean dituzten segurtasuna eta osasuna hobetzeko neurriak aplikatzekoa". Espainiar Estatuak 1992.12.31a baino lehen jarri behar zuen indarrean Zuzentarau hau.
2. "Amatasuna babesteko", "gazteei buruzko" eta "behin behineko lan harremanei buruzko" Zuzentarauak.
Legearen helburua lan baldintzen hobekuntza lortzea da, lanean segurtasun eta osasun maila hobeagoa pixkanaka eskuratzeko. Oinarri horiek edukita, prebentziorako neurrien garrantzia azpimarratzen da, lan ingurunean egon daitezkeen arriskuak ezabatzeko edo eraginkortasunez ekiditzeko. Halaber, lanarekin zerikusia dutenen erantzukizuna, batez ere enpresariarena, lan baldintzak ezartzen dituena dela kontutan harturik. Eta lan baldintzek ez dute inolako kalterik sortuko langileen osasuna eta segurtasunerako. Enpresak daraman prebentzio politikaren ardatza den aldetik, langileen parte hartze egoki eta eraginkorra bermatzeko bideak ezartzen dira, garantia guztiekin.
Legeak berrikuntza nabarmenak dakartza. Ezarpen eremua zabaldu da, bertan funtzionarioak eta Herri Administrazioetako pertsonal estatutarioa sartu direlarik, polizia edo militarren zereginetatik datozen mugak baino ez daudela. Sindikatuak eta enpresarien parte hartzea gorpuztu da eta horretarako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Batzorde Nazionala eratu da. Lan arriskuen ebaluazioa egiteko zein egunean mantentzeko betebeharra ezartzen da, eta, horren ondorioz, prebentziorako plangintza eta prebentziorako zein babeserako egokienak diren neurriak zehaztu behar dira.
Langileen parte hartzearen garrantzia goraipatzeaz gain, informazioa eta formazioa bermatu nahi dira. Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordeak parekideak izango dira eta irudi berria sortu da, Prebentziorako delegatua, prebentzioarekiko zereginak dituen langileen ordezkaria.
Espero dezagun Lege honetatik datozen arautegien garapena, dagoeneko nahiko atzeratu dena, Legearen beraren sorkuntza baino azkarragoa izatea.
Lan osasunaren legea: gizartearentzako erronka
Duela hamar urte agindutako, duela lau urte negoziatutako eta Europar Batasunak agindutakoa baino hiru urteko atzerapenaz heldu den lege baten aurrean pozez zoratuta egotea ezin da espero, are gehiago sindikatuekin hitzartutakoa enpresarien presioek eta eskuinak egindako enmendakinek aldatua izan dela jakinda.
Hala ere, espainiar estatuan lan osasunak jasaten duen egoera hain da txarra, ezen ongi etorria baino ezin diogu eman lege berriari, gure prebentzio sistemaren egokitzapena baitakar, benetako beharrei eta arrisku egoera berriei aurre egin ahal izateko. Ikuspuntu honetatik, lege berriak erabateko erronka soziala da lan osasunarekin zerikusia duten sektore sozialentzat. Laneko segurtasun eta osasunaren ohizko esparrua zabaldu egiten du edonolako lan arriskuak barruan sartuz (estresa, monotonia, errepikakortasuna, egoteko moduek sortutako arriskuak, ernaltzearekiko arriskuak, e.a.). Prebentzioaren aldeko apustua egiten du, zeina enpresarien betebeharra den, enpresaren kudeaketa sistemaren barnean sartu behar den kontzeptua, alegia. Langileen parte hartzea oinarria duen sistema proposatzen du. Honek guztiak, zalantzarik gabe, frankismotik ukitu gabe zegoen arau sistema hobetu du.
Galdera zera da: nork ziurtatuko du sistema berria martxan jartzea? Hori da gakoa. Legeak usteak ustel utz ez ditzan erantzun behar den galdera.
Arauak berak hiru tresna jarri ditu horretarako: Prebentziorako Zerbitzuak, Lan Ikuskaritza eta Prebentziorako Delegatua. Hiru tresna horien funtzionamendua oso garrantzitsua da sistema osoaren beraren eraginkortasunerako, eta horretarako ahalik eta lasterren ekin behar zaio beren zereginak aurrera eramateko gaitasuna emango dieten neurriak hartzeari:
a) arautegiak garatu: Legea garatzen duten arautegiak ziztu bizian onartu behar ditu Gobernuak, arriskuen ebaluaketa, prebentzio planak, prebentzio zerbitzuen gaitasuna zein lan gaixotasunen kalifikaziorako joko arauak zehazteko.
b) formazioa: formazioa bultzatu behar dugu, hala profesional nola sindikal mailan, hori bultzatzen ez bada, aholkularitza teknikoa eta langileen parte hartzea formalismo hutsean gertatuko baitira.
c) Prebentziorako kultura: ezinbestekoa da lan arrisku zein prebentzioarekiko gizartea kontzientziatzea, maila guztietan baina bereziki enpresa, erakunde publiko eta sindikatuen artean.
d) zehaztasun metodologikoa: norberak bere papera "profesionaltasunez" bete behar du, enpresariak osasuna eta segurtasuna bermatzeko duen beharra, Lan ikuskaritzak zaintze eta kontrolatze lana, Prebentziorako zerbitzuek prebentzio lanak egiteko beharrezkoa den ekarpen teknikoa, eta sindikatuek lan baldintzak hobetzeko beren presioa eta parte hartzea.
Hauexek dira alde bakoitzak duen paperetik onartu eta gainditu behar dituen erronkak. Egoerak eskatzen duenaren parean egongo al dira/gara?
LAN ARRISKUEN PREBENTZIORAKO LEGEAREN LABURPENA
I. KAPITULUA- HELBURUA, EZARPEN EREMUA ETA DEFINIZIOAK
2. Art. Legearen helburu eta izaera
3. Art. Ezarpen eremua
4. Art. Definizioak
II. KAPITULUA- ARRISKUEN PREBENTZIO POLITIKA
5. Art. Politikaren helburuak
6. Art. Arautegiak.
7. Artikulutik 13.era
III. KAPITULUA. - ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
14. Art. Lan arriskuen aurrean babestuta egoteko eskubidea
15. Art. Prebentziorako oinarriak
16. Art. Arriskuen ebaluaketa
17. Art. Lan ekipoak eta babes ekipoak
18. Art. Langileen informazioa, kontsulta eta parte hartzea
19. Art. Langileen formazioa
20. Art. Larrialdirako neurriak
21. Art. Arrisku larri eta berehalakoa
22. Art. Osasunaren zainketa
23. Art. Agiriak
24. Art. Enpresen arteko koordinazioa
25. Art. Arrisku batzuekiko oso sentikorrak diren langileen babesa
26. Art. Amatasuna babestea
27. Art. Adin txikikoak babestea
28. Art. Finkoak ez diren lan harremanak, aldi baterakoak edo aldi baterako laneko enpresei dagozkienak.
29. Art. Langileen betebeharrak lan arriskuen prebentzioari dagokionez
IV. KAPITULUA .- PREBENTZIO ZERBITZUAK
30., 31. eta 32. Art.
V. KAPITULUA.- LANGILEEN KONTSULTA ETA PARTE HARTZEA
33. eta 34. Art.
35. Art. Prebentziorako Delegatuak
36. Art. Prebentziorako Delegatuen konpetentzia eta eskumenak
37. Art. Prebentziorako Delegatuen garantiak eta isiltasun profesionala
38. Art. Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordea
39. Art. Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordearen konpetentzia eta eskumenak
40. Art. Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekiko lankidetza
VI.KAPITULUA .- EKOIZLE, INPORTATZAILE ETA BANATZAILEEN BETEBEHARRAK
VII. KAPITULUA .- ERANTZUKIZUNAK ETA ZIGORRAK
42.etik 54.erako Art.
Xedapen gehigarriak.
I. KAPITULUA- HELBURUA, EZARPEN EREMUA ETA DEFINIZIOAK
2. Art. Legearen helburu eta izaera.
1. Lege honen helburua langileen segurtasuna eta osasuna bultzatzea da, horretarako beharrezkoak diren neurriak aplikatuz eta ekintzak garatuz, lanak sortutako arriskuak prebenitzearren.
2. Legeak ezartzen duena gutxienezko eta beharrezko eskubidea da eta ezin da gutxitua izan. Alabaina, lan hitzarmenek Legeak ezarritakoa hobetzeko ahalmena daukate.
3. Art. Ezarpen eremua.
Legea eta dagozkion arautegiak lan harremanen esparruan zein Administrazio publikoetan eta kooperatibetan aplikatuko dira.
4. Art. Definizioak.
PREBENTZIOA: enpresaren lan fase guztietan lanak sortutako arriskuak ezabatzeko edo gutxitzeko egiten edo aurrikusten diren ekintza zein neurri guztiak.
LAN ARRISKUA: lanak sortutako kaltea jasateko aukera. Lan arriskuaren larritasuna neurtzeko kaltea gertatzeko aukera eta kaltearen tankera aldi berean izango dira baloratuak
LANAK SORTUTAKO KALTEAK: lanak sortutako edo lana dela eta gertatutako gaixotasunak, patologiak edo lesioak.
LAN ARRISKU LARRI ETA BEREHALAKOA: etorkizun hurbilean eta ia aukera guztiekin kalte larria sor dezakeena. Arrisku larria eragile batek sortutako esposizioa bada, baliteke berehalakoa ez izatea.
ARRISKUGARRITASUN POTENTZIALA: prebentzio neurriak egon ezean arriskuren bat sortzen duen edonolako ekintza, osagaia, e. a.
LAN EKIPOA: lanean erabiltzen den makina, aparailua, tresna zein instalakuntza.
LAN BALDINTZA: langilearen segurtasuna eta osasunerako arriskuak sortzeko eragina duen lanaren edonolako ezaugarria.
Berariazko lan baldintzak hauek dira:
- Lantokian dauden lokalen, instalakuntzen, ekipoen, produktuen eta lan tresnen ezaugarri orokorrak.
- Lantokiko giroan dauden osagai fisiko, kimiko zein biologikoen izaera, kontzentrazioa, trinkotasuna eta presentzia mailak.
- Osagai horiek erabiltzeko prozedurak.
- Arriskuengan eragina duten lanaren ezaugarri guztiak, antolaketari dagozkionak barne.
BANAKAKO BABES EKIPOA: arrisku bat edo batzuengandik babestuta egotearren langileak eramaten duen edo heltzen dion edonolako ekipo, osagarri edota gehigailu.
II. KAPITULUA - ARRISKUEN PREBENTZIO POLITIKA
5. Art. Politikaren helburuak.
1. Lan arriskuak prebenitzea, lan baldintzak hobetuz.
a) Politiken prestaketa enpresari eta langileen partehartzea ziurtatuz egingo da, beti ere errepresentazio erakundeen bidez.
b) Herri administrazioek prebentziorako hezkuntza bultzatuko dute irakaskuntzan baita lan arriskuak prebenitzeko beharrezkoak diren giza baliabideen prestakuntza ere.
6. Art. Arautegiak.
Gobernuak, langileen eta enpresarien erakundeekin kontsultatu ondoren, honako gai hauek arautuko ditu dagozkien Arautegien bidez:
- Lan baldintzen gutxienezko betebeharrak.
- Operazio, prozesu edota esposizio denboretarako mugak edo debekuak.
- Lan arriskuen ebaluaketarako prozedurak eta prebentziorako gidak.
- Prebentziorako Zerbitzuen antolaketa motak, funtzionamendua eta kontrola.
- Nahiko arriskutsuak diren lanetarako lan baldintzak edo prebentzio neurri bereziak.
- Gaixotasun profesionalak onartzeko prozedurak eta lanak sortutako istripuak edo gaixotasunak gertatzen direnean agintariei jakinarazteko prozedurak.
7. Artikulutik 13.era
Artikulu hauetan lan osasunari dagokionez eskumenak dituzten Herri administrazioen zereginak zehazten dira, Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalaren zereginak, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzarenak, osasun arloan Herri administrazioek egin behar dutena, administrazioen arteko koordinazioa, langile eta enpresarien parte hartzea eta, azkenik, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Batzorde Nazionalaren osaketa, antolaketa eta zereginak
Hiru erakunde finkatzen dira arlo honetan::
1. Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionala : zeregin batzuk burutuz, laneko segurtasun eta osasun baldintzak aztertu eta ikertzea da Institutuaren helburua, baita beroriek bultzatu eta hobetzea ere.
2. LAN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN IKUSKARITZA: lan arriskuak prebenitzeko arauak zaindu eta kontrolatzea da bere zeregina.
3. LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO BATZORDE NAZIONALA: prebentziorako politikak zehazteko Herri administrazioen aholkularitzarako organo kolegiatua da, baita laneko segurtasun eta osasun arloan parte hartzeko organoa ere.
III. KAPITULUA - ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
14. Art. Lan arriskuen aurrean babestuta egoteko eskubidea.
ESKUBIDE hau langileei dagokie eta lan arriskuen aurrean langileak babesteko enpresarien BETEBEHARRA dakar, baita bere langileekiko Herri administrazioen betebeharra ere. Langileen eskubideak:
- Informazioa
- Kontsultatuak izatea
- Parte hartzea
- Prebentziorako formazioa jasotzea
- Lan arrisku larri eta berehalakoa dagoenean lana eten egitea
- Beren osasuna zaintzea
Enpresarien betebeharrak:
- Lan arriskuak prebenitzeaç
- Lan arriskuen ebaluaketa egitea
- Langileei informazioa ematea
- Langileak kontsultatzea
- Langileei parte hartzea ematea
- Langileei formazioa ematea
- Larrialdi edota langileen osasunerako lan arrisku larri eta berehalakoa gertatzen direnean beharrezkoak diren neurriak hartzea
- Langileen osasuna zaintzea
- Betebehar hauek guztiak aurrera eramateko aginduak ematea eta egitura sortzea
15. Art. Prebentziorako oinarriak.
1. Honako irizpide orokor hauen arabera arituko da enpresaria:
- Arriskuak ekiditzea
- Ekidiezinak diren arriskuak ebaluatzea
- Arriskuak beren jatorrian ezabatzea
- Lana pertsonari egokitzea
- Teknikaren garapena kontutan hartzea
- Arriskutsua dena ordezkatzea, bere ordez arrisku txikiagoa duen edo arriskurik ez dakarrena erabiliz
- Prebentzioa planifikatu
- Taldeko babesa bultzatzea, banakako babesa baino lehen
- Egokiak diren aginduak ematea langileei.
2. Enpresariak zera bermatuko du:
- Arrisku larri eta berezia duten arloetara informazio egoki eta nahiko jaso duten langileak soilik sartzea
- Hartutako prebentzio neurriek langileak egin ditzakeen lekorapen edo zuhurgabetasun zigorgabeak kontutan hartzea
16. Art. Arriskuen ebaluaketa.
Prebentzioa honako oinarrien bidez planifikatuko du enpresariak:
- Lan arriskuen hasierako ebaluaketa, lan ekipoak aukeratzerakoan, gai eta nahasketa kimikoak aukeratzerakoan eta lantokiak prestatzerakoan.
- Lan baldintzak eta langileen zereginak aldizkako kontrola, arriskugarriak izan daitezkeen egoerak detektatzeko
- Langileen osasunean kalteak sortu dituzten sorburuen ikerketa, baita prebentzio neurriak ezegokiak direla adierazten duten datuak daudenean ere.
17. Art. Lan ekipoak eta babes ekipoak.
1. Egin behar den lana egiteko egokiak diren lan ekipoak emango dizkio enpresariak langileari.
2. Babes ekipoak arriskuak ekidiezinak direnean soilik erabiliko dira.
18. Art. Langileen informazioa, kontsulta eta parte hartzea.
1. Enpresariak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu honako gai hauei buruz langileak informatuak izan daitezen:
- Enpresa osoaren eta lanpostu bakoitzaren arriskuei buruz.
- Babes neurri eta ekintzei buruz.
2. Enpresariak langile bakoitzari zuzenean emango dio dagozkion arrisku espezifikoen berri, baita arrisku horien aurrean erabili beharreko babes eta prebentzio neurriena ere. Halaber, laneko segurtasun eta osasunarekin zerikusia duten gai guztietan langileak kontsultatu eta beraien parte hartzea bermatu beharko du enpresariak.
19. Art. Langileen formazioa.
1. Prebentzio arloan, langileen formazioa bermatu beharko du enpresariak, hala teorikoa nola praktikoa, erabiltzen den kontratu mota edonolakoa izanda ere, bai kontratua egiten denean eta baita zeregin, teknologia, edo ekipo aldaketa gertatzen denean ere.
2. Formazioa lanpostuari edo zereginei egokituta egongo da, aldizka emango da eta beti lan ordutegiaren barruan.
20. Art. Larrialdirako neurriak.
Premiazko laguntza, suteak amatatzeko borroka eta langileen ebakuazioa antolatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu enpresariak, neurri horiek aurrera eramateko ardura duten langileak izendatu beharko dituelarik.
21. Art. Arrisku larri eta berehalakoa.
Enpresariak zera egin behar du:
- Arrisku larri eta berehalako batek eraginda egon daitezkeen langileak informatu.
- Langile horiek lanpostua utzi ahal izateko beharrezkoak diren neurriak hartu.
- Bere segurtasunerako arrisku larri eta berehalakoa dagoela uste duenean, langileak lanpostua uzteko eskubidea dauka.
- Arrisku larri eta berehalakoaren aurrean, enpresariak beharrezkoak diren neurriak hartu ezean, langileen ordezkari legalek gehiengoz onar dezakete lana geldiaraztea. Langileen ordezkaritza organoa (Enpresa Batzordea edo Pertsonal Batzordea) behar den premiatasunez biltzea posible ez bada, lana geldiarazteko erabakia Prebentziorako Delegatuen gehiengoak har dezake. Hartutako erabakia berehala jakinaraziko zaio enpresari eta baita lan agintaritzari ere, zeinak hogeitalau orduko epea daukan erabakia berresteko edo bertan behera uzteko.
Ez langileak ezta beren ordezkariak ere ez dira inoiz zigortuak izango artikulu honetan aipatzen diren neurriak erabiltzeagatik, gogo txarrez edo axolagabekeria larriaz jokatzen ez badute.
22. Art. Osasunaren zainketa
Enpresariak langileen osasunaren aldizkako zainketa bermatu behar du.
Zainketa horrek langileen baimena duenean soilik egingo da.
Langilearen intimitate eskubidea beti errespetatuko da, baita informazioaren isiltasuna ere.
Emaitzak langileei jakinaraziko zaizkie.
Emaitzak ezin dira diskriminaziorako edo langilearen kalterako erabiliak izan.
Prebentzio Zerbitzuetako pertsonal medikua izango da datu horiek eskura ditzakeen bakarra.
Hala ere, azterketa medikuaren emaitzek langilea bere lanpostuaren zereginak egiteko gai ez dela, edota egokitze, babes edo prebentzio neurriak behar dituela adierazten badute, egoera horren berri emango zaio enpresari.
23. Art. Agiriak.
Enpresariak gai hauei dagozkien agiriak prestatu eta gorde egin behar ditu:
- Arriskuen ebaluaketa
- Babes eta prebentzio neurriak
- Lan baldintzen aldizkako azterketak
- Azterketa medikoak
- Gertatutako lan istripu eta gaixotasun profesionalen zerrenda
24. Art. Enpresen arteko koordinazioa.
Lantoki berean enpresa bi edo gehiago aritzen direnean berorien langileen babesa, informazioa eta prebentzioa koordinatu behar dituzte.
Lantokiaren jabea den enpresariak beharrezkoak diren informazioa eta aginduak eman behar ditu.
25. Art. Arrisku batzuekiko oso sentikorrak diren langileen babesa.
Langileek ezin dezakete beren ezaugarri pertsonalak edo egoera biologikoa direla eta arriskugarriak (beraientzat edo beste batzuentzat) suerta daitezkeen lanpostuetan lan egin.
26. Art. Amatasuna babestea.
1. Haurdun dauden edo erditu berri duten emakumeek beren edo semegaiaren osasunerako arriskugarria izan daitekeen zereginetan lan egitekotan, beren egoeran eragina izan dezaketen lehengaiak, prozedurak edo lan baldintzak agertzekotan, edota esposizio denbora edo maila arriskugarria izatekotan, enpresariak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu arrisku horrekiko esposizioa ekiditzearren.
2. Lan baldintzak edo lanaldia egokitzea ezinezkoa balitz, edo, egokituta ere lanpostuaren lan baldintzak haurdun dagoen langilea edo semegaiaren osasunerako kaltegarriak izango balira eta langileak duen Gizarte Segurantza sistemako medikuak horrela ziurtatuko balu, langileak bere egoerarako kaltegarria ez den beste lanpostu edo zeregin batean lan egin beharko luke.
3. Goian esandako guztia edoskitze aroan ere aplikatuko da.
4. Haurdun dauden langileek lanetik irteteko eskubide ordainduta daukate erditze aurreko azterketetara eta erditzea prestatzeko tekniketako saioetara joateko, enpresariari abisatuz eta lan ordutegiaren barruan egin behar dutela justifikatuz.
27. Art. Adin txikikoak babestea.
Adin txikikoek zein lanpostutan lan egin dezaketen zehaztu behar du enpresariak
Lanpostuan dauden arriskuei buruzko informazioa emango die enpresariak langile gazteei eta beren guraso edo tutorei
28. Art. Finkoak ez diren lan harremanak, aldi baterakoak edo aldi baterako laneko enpresei dagozkienak.
Mota honetako langileek bere lana egiten duten lantokietako langile propioek dute babes maila berbera eduki behar dute.
Prestazio laborala jasotzen duen enpresa da langilearen osasuna eta segurtasuna bermatzeko arduraduna.
Aldi baterako laneko enpresa da beren langileen formazioa eta osasun zainketa bermatzeko arduraduna.
Prestazio laborala jasotzen duen enpresak beren langileen ordezkariei jakinaraziko die aldi baterako laneko enpresako langileak erabiliko direla.
29. Art. Langileen betebeharrak lan arriskuen prebentzioari dagokionez.
1. Langileak bere osasuna eta segurtasuna lanean zaindu behar du, baita bere lana dela eta eraginda suerta daitezkeen beste pertsonenak ere, horretarako dituen aukerak erabiliz, eta kasuz kasu ezarritako prebentzio neurriak betez.
2. Langileek, beren formazio mailaren arabera, eta enpresariaren aginduak jarraituz, zera egin behar dute:
a) Makineria, lan tresnak, produktuak, gai arriskutsuak, e.a. egoki erabili.
b) Banakako Babes Ekipoak egoki erabili.
c) Segurtasun mekanismoak ez gauzaztatu.
d) Beren ustez eta arrazoizko zioak direla kausa, beren osasun eta segurtasunerako arriskugarria izan daitekeen egoeraren berri eman nagusiari edo babes eta prebentzio ardurak dituzten langileei.
e) Agintariek ezarritako betebeharrak betetzen lagundu.
f) Enpresariarekin elkarlanean aritu.
IV. KAPITULUA - PREBENTZIO ZERBITZUAK
30., 31. eta 32. Art.
Prebentzio betebeharra burutzeko zera egingo du enpresariak:
- Langile bat edo batzuk izendatu, Prebentzio Zerbitzua eratu edo enpresarekin zerikusia ez duen entitate batekin zerbitzua kontratatu.
- Mutuak Prebentzio Zerbitzuak izan daitezke, akreditazioa lortu ondoren.
- Izendatuak izan diren langileak edo Prebentzio Zerbitzukoak ez dira inoiz zigortuak izango beren eginkizunak burutzeagatik.
- Herri administrazioetako Prebentzio Zerbitzuak antolatzeko beren egitura, esparruak eta kokapena hartuko dira kontutan.
- Prebentzio Zerbitzuak enpresarien, langileen, langileen ordezkarien eta parte hartze organoen aholkulariak izango dira.
V. KAPITULUA.- LANGILEEN KONTSULTA ETA PARTE HARTZEA
33. eta 34. Art.
1. Enpresariak langileak edo beraien ordezkariak honako gai hauei buruz kontsultatu behar ditu:
- Lanaren plangintza eta antolaketari, lan ekipoak aukeratzeari eta lan baldintzak zehazteari dagokienez.
- Prebentzioaren antolaketa.
- Larrialdietarako neurriak aplikatzeko langile-arduradunen izendapena.
- Prebentziorako formazio planaren egitasmoa eta antolaketa.
2. Prebentzioari dagokionez langileen interesak defendatzen dituztenak ordezkari sindikalak eta ordezkaritza organoak dira.
3. Orokorrean, Herri administrazioan Laneko segurtasun eta osasunerako Batzorde bakarra egongo da, mota guztietako funtzionari eta laboralengan eragina izango duena. Komite hori esparru berberean lan egiten duten enpresetako, hots, kontratetako Prebentziorako Delegatuekin harremanetan jarriko da.
35. Art. Prebentziorako Delegatuak.
1. Prebentziorako Delegatuak lan arriskuen prebentzio arloan zereginak dituzten langileen ordezkariak dira
2. Prebentziorako Delegatuak langileen ordezkariek eta langileen ordezkarien artean izendatuak izango dira langile kopuruaren arabera
- 50 langileraino: 1 P.D.
- 50 langiletatik 100etara: 2 P.D.
- 101 langiletatik 500etara: 3 P.D.
- 501 langiletatik 1000etara: 4 P.D..
- 1001 langiletatik 2000etara: 5 P.D.
- 2001 langiletatik 3000etara: 6 P.D.
- 3001 langiletatik 4000etara: 7 P.D.
- 4000 langiletatik gora: 8 P.D.
Hala ere, gutxienezko Legea denez, Komenioetan PDen kopurua igo daiteke. Halaber, PDak pertsonaleko delegatu, Enpresa batzordekide edo Pertsonal batzordekideen artean hautatzeko derrigortasuna ere ken daiteke, edo hautaketa sistema ezberdinak ezar daitezke, beti ere langileen edo beren ordezkarien parte hartzea ziurtatuz.
36. Art. Prebentziorako Delegatuen konpetentzia eta eskumenak.
PDren konpetentziak hauexek dira:
- Lan osasunari dagokionez enpresariak kontsultatuak izatea
- Lan arriskuen prebentziorako arauak betetzen diren ala ez egiaztatzea.
2. Honako eskumen hauek dituzte:
- Lan baldintzak aztertzeko teknikariek egiten dituzten bisitaldietan parte hartzea, baita lan ikuskariek ea arauak betetzen diren egiaztatzeko egiten dituztenetan ere, horien guztien aurrean nahi dituzten iradokizunak egin ditzaketelarik
- Lan baldintzak, neurketak, eta abarrei buruzko informazioa eta agiriak eskuratzea.
- Lan istripuak edo gaixotasun profesionalak gertatzen direnean informatuak izatea, gertakizunen lekura joateko eskubidea dutelarik, nahiz eta beren lan ihardunaldiaz kanpo gertatu.
- Enpresan prebentzioarekiko ardura duten langile edo organoek enpresariari emandako informazioak jasotzea.
- Lanpostuetara bisitaldiak egitea lan baldintzen egoera ezagutzeko, beti ere lana oztopatu gabe.
- Enpresariari edo Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordeari prebentzio neurriak hartzeko edo langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko proposamenak egitea.
- Arrisku larri eta berehalakoa gertatzen denean langileen ordezkaritza organoari lana eteteko proposamena egitea.
37. Art. Prebentziorako Delegatuen garantiak eta isiltasun profesionala.
1. DPek dituzten ordu kreditua langileen ordezkariak izateagatik dagokiena da. Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordearen bileretara joateko, lan ikuskariaren bisitaldietan parte hartzeko edo lan istripuak ikertzeko erabiltzen den denbora, lanean egongo balitz bezala hartuko da.
2. Beraien zereginetarako beharrezkoak diren bitartekoak eta formazioa prebentzio arloan emango dizkie enpresariak Prebentziorako Delegatuei.
38. Art. Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordea.
1. Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordea parte hartzeko organo parekide eta kolegiatua da, arriskuen prebentziorako enpresak egin behar duen guztia maiz kontsultatzeko helburua duena.
2. 50 langile edo gehiago dituzten enpresa edo lantoki guztietan eratuko da Laneko segurtasun eta osasunerako Batzorde bana.
3. Prebentziorako Delegatu guztiek eta enpresak izendatutako kopuru bereko ordezkaritzak osatuko dute Batzordea.
4. Bileretara honako hauek ere joan daitezke, botoa emateko eskubiderik gabe: aipatutako osaketaren barruan ez dauden enpresako prebentzio teknikariak, ordezkari sindikalak, enpresakoak ez diren prebentzio teknikariak eta eztabaidatuko diren gaiei buruz informazio edo kualifikazio bikaina duten enpresako langileak.
5. Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordea hiru hilabetean behin bilduko da, baita bertan ordezkatuta daudenek hala eskatzen duten guztietan.
39. Art. Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordearen konpetentzia eta eskumenak.
1. Honako konpetentzi hauek ditu:
a) Enpresan dauden lan arriskuak prebenitzeko plan eta egitarauen prestaketa, gauzatze eta ebaluaketan parte hartzea.
b) Arriskuak prebenitzeko ekimenak bultzatzea.
2. Honako eskumen hauek ditu:
a) Lantokian dagoen arriskuen prebentzioarekiko egoera zuzenean ezagutzea, horretarako egokiak iruditzen zaizkion bisitaldiak burutuz.
b) Lan baldintzei buruzko txosten eta agiri guztiak ezagutzea.
c) Langileen osasunean sortutako kalteak ezagutu eta aztertzea.
d) Prebentzio Zerbitzuen oroitidatzia eta egitaraua ezagutzea eta informatzea.
40. Art. Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekiko lankidetza.
1. Langileek eta beren ordezkariek Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzara jotzeko aukera daukate enpresariak hartutako neurriak edo erabilitako bitartekoak laneko segurtasun eta osasuna bermatzeko nahikoak ez direla uste dutenean.
2. Lan ikuskariak lantokiak bisitatzen dituenean bere presentziaren berri emango dio enpresariari, Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordeari eta Prebentziorako Delegatuei
3. Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak egindako bisitaldien eta hartutako neurrien berri emango die Prebentziorako Delegatuei.
VI. KAPITULUA - EKOIZLE, INPORTATZAILE ETA BANATZAILEEN BETEBEHARRAK.
Ekoizle, inportatzaile eta banatzaileek langileek arriskurik gabe edo egokiak diren prebentzio neurriez lan egin dezaten beharrezko informazioa eman behar dute ekipo edo produktuarekin batera.
VII. KAPITULUA - ERANTZUKIZUNAK ETA ZIGORRAK.
42.etik 54.erako Art.
Lan arriskuen prebentzioarekiko enpresariek duten betebeharren deskomplimenduak erantzukizun administratibo, penal edota zibilak dakartza.
1. Arau-hauste arinak:
- Garbitasun falta.
- Gertatutako lan istripu edo gaixotasun profesionalen berri ez ematea Lan Ikuskaritzari.
- Lantoki bat zabaldu dela edo aldaketa garrantzitsuak egin direla ez jakinaraztea.
2. Arau-hauste larriak:
- Lan arriskuak ez ebaluatzea.
- Langileen osasuna ez zaintzea.
- Gertatutako lan istripu edo gaixotasun profesional larri, oso larri edo hilen berri ez ematea Lan Ikuskaritzari.
- Arriskuen ebaluaketa, kontrolak, azterketak edota lan osasunari buruzko ikerketen emaitzak ez gordetzea edo erregistratzea.
- Lantoki bat zabaldu dela edo aldaketa garrantzitsuak egin direla ez jakinaraztea, ekoizpen arriskugarria edo osasunerako kaltegarria denean.
- Eraikikuntza edo lan publiko baten proiektuan segurtasun eta higiene plana ez prestatzea.
- Beren osasunarekiko bateraezinak diren lanpostutan langileak jartzea.
- Langileei lan osasunari buruzko formazio eta informazio nahikoa ez ematea.
- Legez ezarritako esposizio mugak gainditzea kalte larria sortzen denean.
- Premiazko laguntza, suteen kontrako borroka eta langileak ebakuatzeko neurririk ez hartzea.
- Langileek duten informazio, kontsulta eta parte hartzeko eskubidea deskomplitzea.
- Prebentziorako Delegatuek eta Prebentzio Zerbitzuek beren zereginetarako beharrezkoa duten formazioa eta bitartekoak ez ematea.
- Lantoki berean enpresa ezberdinak aritzen direnean prebentzio eta larrialdietarako ekintzak ez koordinatzea.
- Prebentzio Zerbitzua ez antolatzea
- Ez jakinaraztea Prebentzio Zerbitzuari behin behineko langileak edo aldi baterako laneko enpresatako langileak kontratatu direla.
- Prebentzio Zerbitzua kanpoko auditoria batek ez aztertzea.
- Segidan aipatzen diren arauak ez betetzea, arrisku larria sortzen denean:
- Enpresan erabiltzen diren prozesu, substantzia, gai fisiko, kimiko edo biologikoen berri ematea Lan Ikuskaritzari.
- Lantoki, lan ekipo, tresnak eta makinerien diseinua, hautaketa, instalaketa, prestaketa, erabilpena edo mantentza.
- Talde eta banakako babes neurriak.
- Segurtasun seinaleak eta arriskugarriak diren gaien ontziraketa eta etiketaketa.
- Banakako higiene zerbitzuak edo neurriak.
- Esposizio mailen erregistroa, eragindako langile kopurua eta espediente mediko
3. Arau-hauste oso larriak: Haurdunaldia eta edoskitze aroan dauden langileei edo adin gutxikoei dagozkien segurtasun eta osasun arau bereziak ez betetzea.
Lana ez etetea Lan Ikuskaritzak hala eskatzen duenean.
Langileak lanpostu edo zeregin batzuetan jartzea beren ezaugarri pertsonalengatik lanpostu edo zeregin horietan aritzeak beren osasunerako arrisku larri eta berehalakoa ekar dezakeenean.
Langileen osasun datuek eskatzen duten isiltasuna apurtzea.
- Langileen osasunerako arrisku larri eta berehalakoa dakartzan esposizio mailak gainditzea.
- Arrisku larri eta berehalako baten aurrean langileek lana eteteko duten eskubidea eragozten duten ekintza edo uztea.
ZIGORRAK arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke eta zigor mota bakoitzean hiru gradu daude (gutxienezkoa, ertaina eta gehienezkoa). Zigor arinak 250.000 pezetaraino hel daitezke, larriak 5.000.000 pezetaraino eta oso larriak 100.000.000 pezetaraino.
Arau-hausteak ZIGORRIK GABE geratzen dira denbora tarte zehatza pasa ondoren, arinak urte bete pasata, larriak hiru urteren buruan eta oso larriak bost urteren buruan.
Xedapen gehigarriak.
1. Legeak BERTAN BEHERA uzten ditu berak ezarritakoaren kontra doazen aldez aurretik onartutako arau guztiak, eta are zehatzago honako hauek:
a) 1988/8 Legearen (Zuzenbide sozialeko arau-hauste eta zigorrei buruzkoa) 9., 10, 11.artikuluak, 36. Artikuluaren 2. zatia, 39. Artikulua eta 40. Artikuluaren 2. paragrafoa.
b) 1957-7-26ko Dekretua, emakume eta adin gutxikoek debekatuta dauzkaten lan motak zehazten zituena.
c) 1971-3-11ko Dekretua, Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordeen eraketa, osaketa eta zereginak zehazten zituena.
d) Laneko Segurtasun eta Higienerako Ordenantza Orokorraren I. eta III. tituluak
2. Lege honen kontra jotzen ez duenean eta Legea garatzeko arautegiak onartu arte, indarrean jarraituko du Laneko Segurtasun eta Higienerako Ordenantza Orokorraren II. tituluak.
3. Enpresako Zerbitzu Medikoak erregulatzen dituzten arauek indarrean jarraituko dute Prebentzio Zerbitzuen arautegia garatu arte. |