EAE Nafarroa
Arloak
Gurea Gaiak
Publikoa
H. Hezkuntza
L. Hezkuntza
B. Hezkuntza
Lanbide H.
Unibertsitatea
Hezkuntza politika
Lan Osasuna
Emakumea
Inmigrazioa
Gizarte mugim.
Nortasun ezaug.
Eilastasuna
Argitalpenak
Prentsa oharrak
Kontaktatu
Afiliatu
LOE
Bullying
Euskara
Aurrekontuak
AJENDA
FOROAK
Legedia
Loturak
PDF formatoa
stee-eilasen
 
Irakaslegoa

Irakasleek hartzen dituzten bajen artean gaixotasun otorrinolaringologiko eta psikiatrikoak ugarienetakoak dira, eta beste baja askoren benetako zioak psikiatrikoak dira. Halaber, gaixotasun horien eragina beste alorretan baino handiagoa da irakaskuntzan.

OITk berak, Unescok eta espainiar estatuko Arartekoaren urteroko txostenek irakaslegoarengan estresak duen eragina azpimarratu dute, irakaskuntzaren kalitatean dituen ondorioak nabarmendu dituztelarik.

Irakasleen artean agertzen den estres mota berezia "Burn-out sindromea" edo "erreen sindromea" da. Beren ezaugarriak honako hauek dira: nekea, hala fisikoa nola emozionala, ikasleekiko despertsonalizazio jarrerak, eta lana burutzeak ematen duen poza galtzea. Asko eskatzen zaie irakasleei eta ziztu bizian aldatzen diren egoerei aurre egin behar diete, beren prestaketa eguneratzea eskatzen duten egoerak alegia, baina sarritan bitartekoen eskasia edota burokraziak jarritako oztopoekin aurkitzen dira, lana nahiko luketen moduan egitea galarazten dietenak. Honek guztiak gero eta handiagoa den egonezina dakar, denboraren poderioz interes eza eta gogogabetasun bihurtzen dena.

Sindrome hori prebenitzeko ezinbestekoa da irakasleen hasierako prestaketan bertan beren zeregin, eskubide, betebehar eta beren lanean aurkituko dituzten egoera gatazkatsuei buruzko orientazio nahikoa ematea, baita egoera horiei nola aurre egin azaltzea ere. Sindromea bera azaltzea oso egokia litzateke, baita beraren kontra borrokatzeko erak ere. Lanean ari diren irakasleen birziklaiarako planek ere osasuna galdu gabe irakaskuntzan aritzeko beharrezkoak diren trebetasunak lortu eta hobetzea bermatu beharko lukete.

Lanaren antolaketari dagokionez, modu orokorrean estresa prebenitzeko planteatutakoaz gain, irakasleen artean arreta berezia jarri behar zaio klase orduak antolatzeko moduari, klaseak behar bezala prestatzeko parada emateko, eta egiten den lanari buruz hausnartzeko tarteak eta lekuak izateko. Irakaskuntza modu kolektiboan antolatu behar da, irakasle bakoitza "arriskuaren aurrean bakarrik" egon ez dadin, burutu behar duen programa gida bakarra edukita. Gai edo kurtso bera irakasten dutenen esperientziak, zalantzak eta arazoak amankomunean jartzekotan askoz ere errazagoa litzateke beren lana hobeto egitea, egoera gatazkatsuei aurre egitea eta egiten denarekiko zein prestatu behar dituzten ikasleekiko ardura eta gogoa mantentzea.

Hala ere, estresa ez da irakasleek duten arrisku eragile bakarra. Egunero erabiltzen den klarionak sortutakoa zein kaletik datorren hautsak arnasa egiteko bideen, begien eta larru azalaren irritazioa dakar, baita katarroak harrapatzeko erraztasuna ere, betirako bronkitisa jasateko aukera handia dagoelarik. Hautsak sortutako arriskuak prebenitzeko neurriak honako hauek lirateke: barne haizeztapenerako sistemak eta hezetasun sortzaileak jartzea, lantokiak egoki diseinatzea, klariona eta betiko arbela beste materialez ordezkatzea, eta azken hau posible ez denean eskukoak edo klariona ez ukitzeko tresnak erabiltzea.

Zaratak sortutako arazoak askotan ez dira nabaritzen, eguneroko gauza izateagatik, zeren ikastetxe askoren inguruan dagoen zarata maila oso altua baita. Hala ere, irakaskuntzan eragina duen faktorea da, urduritasuna, nekea eta erasokortasuna areagotzen baititu, portaerarekiko arazo eta gatazkak sortzen dituelarik; ikasleen arreta eta kontzentrazio maila gutxitzen du, eta komunikazioa mantendu ahal izateko irakasleak ahotsa igo eta ahalegin handia egin behar izaten du, disfoniak eta estresa sortzen direlarik. Zarataren kontrako prebentzio neurriak ikastetxea non kokatzeko erabakiaz hasten dira, autobide, trenbide edo antzekoen ondoan ikastetxerik ez kokatuz. Ikastetxea dagoeneko horrelako zarata sortzaile baten ondoan kokatua badago, zarata absorbitzeko edo kontraispilatzeko pantailak erabili behar dira. Ikastetxea barrutik diseinatzerakoan ere kontutan hartzeko gaia da. Hortaz, ikasgelak eta zarata sortzen duten ekintzetarako lekuak (gimnasilekua, musika gelak, e.a.) banatuta egongo dira. Gainera, hormak eta sabaiak zarata isolatzeko egokiak diren lehengaiez egingo dira, eta ikasgelak jendez gainezko egotea ekidin behar da.

Hautsa, zarata eta estresa, luzaroan hitz egiteko beharrarekin batera, gaixotasun otorrinolaringologikoak hain ugariak izateko erantzuleak dira, ahotsarekin zerikusia duten arazoak nabarienak direlarik. OITren arabera, ahotsarekiko gaixotasun profesionalak jasateko arriskurik handiena duten langileak irakasleak dira, beste pertsonengan eragina izateko egunero erabili behar dute eta. Egia da, irakasle gehienek disfoniaren bat jasaten dute laneko lehenengo bi urteetan. Gaixotasunaren sintomak hauexek dira: ahotsaren tono edo doinuaren aldaketak, hitz egiterakoan haize falta, eztarrian zerbait sartuta edukitzeko zentzazioa, aste bukaeran eztarriko mina, e.a. Disfoniak sendatzeko tratamenduak ahotsari atsedenaldia ematea eskatzen du irakaste lana gutxituz edo bertan behera utziz, baita ahotsa berregokitzeko prozesua jarraitzea ere, ahotsari kalterik sortu gabe lanean jarraitu ahal izateko.

Prebentzio neurriak hauek lirateke: hautsa, zarata eta estresa ekiditzea, irakasleen lan ihardunaldia egoki antolatzea, gehiegizkoa izan ez dadin eta atsedenaldiak izan ditzan, ikasgelak jendez gainezka ez egotea eta, oso garrantzitsua dena, irakasleak prestatzea eta informatzea, beren lanak ahotsarekiko dituen arriskuak eta beroriek ekiditzeko moduak ezagut ditzaten. Arrisku horien aurrean mikrofonoa banakako babes ekipoa litzateke. Ez kokildu eta behar duzun guztietan eskatu, zure eskubidea da eta.