Home
> Kalitate legeaz
Ezetz borobila PPren kalitate legeari!!! (2)
Ministroak "Kalitate Lege baterako Oinarrien Dokumentua" aurkeztu du
Aurkeztutako dokumentua 55 orrialdeko txosten nahasia da, non balorazioak, aldi bateko datuak, printzipioak eta egitasmoak (garatu barik kasu askotan) nahasten diren. Balorazio zehatzagoa egiteko astirik izan ez dugun arren, honako puntu hauek azpimarratuko genituzke:
Batxiler titulua lortzeko errebalida azterketa ezarriko litzateke. Froga hau
bateratua izango litzateke Estatu osorako eta MEC-ek prestatutakoa. Nota Batxilergo
espediente eta errebalidan lortutakoaren bataz bestekoa izango litzateke. Ikasle
bakoitzak lau bider aurkezteko aukera izango luke.
Batxiler modalitateak hiru izango lirateke, Zientzietakoa eta Teknologikoa bilduz.
DBHko bigarren zikloan ibilbide desberdinak ezarriko lirateke. Hirugarrenerako
bitan zatituko lirateke, bata Batxilergora zuzendua eta bestea Lanbide Heziketara.
Laugarrenean ibilbideak hiru izango lirateke: lanbide heziketara zuzendua, zientifikoa
eta humanistikoa. Eskola "porrotean" eroritako 15 urte baino gehiagoko ikasleentzat
"lanbide hastapenerako" programa ezarriko lukete (orain gizarte garantiazkoa
deritzona). Ikasturteak errepikatzeko aukerak ere areagotu egiten direnez, ibilbide
horretara DBH bigarren zikloa burutu gabe iritsi daiteke.
Haur Hezkuntzan, lehen eta bigarren zikloen arteko aldea handitzen da. Ez dute
aipatzen 0-3 urtekoen zikloa Lan Ministerioaren esku geldituko denik, komunikabideetan
iragarri bezala baina argi uzten dute izango duen "laguntza" izaera. Bigarren
zikloan "irakurketa eta idazketarako teknika ikasketen hasiera eta zenbakiekiko
arrazonamendurako oinarrizko trebetasunak" sartu nahi dituzte.
Lehen Hezkuntzako gutxiengo edukien aldaketa iragarri dute, oraindik proposamen
zehatzik ez dagoen arren.
Bigarren hezkuntzako edukien birmoldaketa ere emango litzateke.
Ikastetxe publikoen kudeaketarako aldaketak proposatzen dituzte. Gobernu organoak
bakarrekoak izango lirateke (zuzendaria, ikasketa burua, idazkaria) eta kolegiatuak
(Klaustroa eta Eskola Kontseilua) "partaidetza eta kontrolerakoak". Zuzendaritzak
"aukeratuak" izatetik Administrazioarekin batera egindako sailkapen prozesu
baten ondorio izatera pasatuko lirateke. Haien eskumenak handituak izango dira
diziplina arloan.
Zenbait kapitulutan ikastetxe pribatuei emango zaizkien dirulaguntza gehigarriak
agertzen dira, baina ez dute aipatzen lehen komunikabideetan azaldutakorik:
derrigorrezkoak ez diren mailetara hedatzea eta inolako baldintzarik gabe jasotzeko
aukera zabaltzen zutenak.
Ministroak aurkeztutako dokumentuak ez dio eztabaida ordenatuari laguntzen. Are gutxiago, bere asmoa dela proiektua uda baino lehen Parlamentura helaraztea dakigunean. Benetako helburua aurretik erabakitakoari azaleko itxura "demokratikoa" ematea dela uste dugu.
Hezkuntza Sisteman tamaina honen aldaketa planteatu baino lehen, bere ebaluazio zehatza, anitza eta kontzentzuzkoa egitea guztiz beharrezkoa da. Halako ebaluazioa burutzen ez den bitartean, ezin dira benetako arazoak detektatu, ezta aterabideak aurkitzeko oinarriak eta baliabide materialak jarri ere.
Alderantziz, PPren asmoak honako hauek direla ematen du: hezkuntza sistema uniformatzea, azken zirrikituetaraino arautzea eta bere alde baztertzaile eta pribatistenak indartzea.
STEE-EILASek Lege Proiektu honekiko bere erabateko desadostasuna adierazten du eta bertan behera uztea exijitzen du. Lanean jarraituko dugu ahal denik batasun handiena lortzeko, ikuspuntu desberdinak izan arren hainbat modutara Lege proiektua atzera botatzea eskatu dugun guztion artean.
![]()
Bilbao, 2002ko martxoak 12