Home > Prentsa Oharra
Ezetz borobila PPren kalitate legeari!!!

Ministroak proiektuaren "oinarrien dokumentua" aurkeztu du Konferentzia Sektorialean (testu osoa)

Ministroak aurkeztutako "Kalitate Legea egiteko oinarrien dokumentuak" komunikabideen bidez izandako filtrazioek piztutako beldurrak bete-betean egiaztatzen ditu.

Batxiler titulua lortzeko errebalidaren ezarpenak, DBHn ibilbide desberdinak ezartzeak, ikastetxe pribatuei diru laguntzak handitzeak, Haur Hezkuntzako 0-3 urtekoen zikloa Lan Ministerioaren esku jartzeak, Administrazioak izendatutako Zuzendarien Gorputza ikastetxe publikoetan berpizteak, Lehen Hezkuntzan eduki aldaketa eta Bigarren Hezkuntzakoen berrikusketak... eta bertan jasotzen diren neurri gehienek argi adierazten dute PPren nondik norakoaren ildoa: Hezkuntza Sistema iraganera bueltatzea.

Puntu hauei buruzko analisi orokorrak zein Lege Organiko bihurtu nahi izateak argi uzten du PPk Hezkuntza Sistema uniforme bat antolatzeko duen joera, azken zirrikituetaraino arautuz eta bere alde baztertzaileenak indartuz. PPren ereduan ez dute lekurik pentsamendu bakarretik aldentzen diren ideiak, ez berezko kulturak, ez ikastetxeen autonomiak , ez irakasleen katedra askatasunak.

Legearen aurreproiektua uda baino lehen Parlamentura helarazteko asmoak agerian uzten du zelan ulertzen duten elkarrizketaren esanahia.

STEE-EILASek Lege Proiektu honekiko bere erabateko desadostasuna adierazten du eta bertan behera uztea exijitzen du.

Hezkuntza Sisteman tamaina honen aldaketa planteatu baino lehen, bere ebaluazio zehatza, anitza eta kontzentzuzkoa egitea guztiz beharrezkoa da. Halako ebaluazioa burutzen ez den bitartean, ezin dira benetako arazoak eta zailtasunak detektatu, ezta aterabideak aurkitzeko oinarriak jarri ere.

STEE-EILASek Kalitate Legearen kontrako mugimendua ikastetxe guztietara hedatu dadin lanean jarraituko du eta ahal denik batasun handiena lortzeko, ikuspuntu desberdinak izan arren hainbat modutara Lege proiektua atzera botatzea eskatu dugun guztion artean.


Bilbao, 2002ko martxoak 11