1.- Demokrazia lantokietan
Orain arte, lana nahi zuen moduan antolatzeko enpresak zeukan ahalmena errealitate ukaezina zen, komenio bat baino gehiagotan ere espreski jartzen dena. Haatik, Lan arriskuen prebentziorako Legea dogma hori apurtzera etorri da:
Enpresa behartzen du bere lana langileen segurtasun eta osasuna kaltetu gabe antolatzera.
Enpresa behartzen du langileen ordezkariak informatzera eta segurtasun eta osasunarekin zerikusia duten gai guztiak beraiekin kontsultatzera, arriskuengan eragina duen lanaren antolaketa bera ere barne.
2.- Osasun kalteak ekiditzea beti da posible
Ez dago prebentzio neurririk onartzen ez duen arrisku egoerarik. Adibide gisa zera aipatuko dugu: Suedian, meatzari batek duen arrisku maila banketxe bateko langileak duenaren parean dago.
Legearen 15. artikuluak oso argi uzten ditu enpresarien betebeharrak: arriskuak ezabatzea, ekidiezinak direnak ebaluatzea, arriskuak hasiera hasieratik ekiditzea, arriskugarria dena arriskugarria ez denaz ordezkatzea, eta prebentzioa planifikatzea.
3.- Prebentzioa ezin da teknikarien esku utzi
Arriskuak eta prebentzio neurriak zehaztea ez da zeregin "neutroa", langileen eta enpresarien artean dagoen gatazkatik at dagoena. Horregatik esaten dugu prebentzioa negoziatu behar dela. Arriskua handia dela esateko muga ez da modu aseptikoan zehazten. Einsteinek esaten zuen bezala, okupatuta dagoen komunaren atean ematen den minutu baten iraupena ez da berdina atearen bi aldeetan.
Gainera lan baldintzak hoberen ezagutzen dituztenak langileak dira, baita beroriek nola hobetu ere. Langileek ezagutzen dutena eta beraien esperientzia aintzakotzat hartu gabe ez dago prebentzio eraginkorra diseinatzerik. Eta langileen parte hartze eta inplikazioa oinarritzat ez duen prebentzio plan oro, aldez aurretik porrot eginda dago.
4.- Osasuna ez da saltzen
Osasuna ezin da diruaren truke eman. Lan indarra saltzea ez da osasuna saltzea. Arriskua ezabatzera behartu behar dugu enpresa. Horretarako, langileak lehenak izan behar gara gure osasuna defendatzen, kaltegarriak ez diren lan baldintzak eskatuz.
5.- Arriskuak zehaztea… eta ezabatzea
Arriskuaren adierazgarririk fidagarriena langileen artean lanak sortzen duen egonezina da. Baina askotan langileek beraiek ere ez dituzte egonezina horren eragileak nabaritzen. Horregatik norberaren arazoak balira bezala agertzen direnak argitara atera eta talde arazo bihurtu behar ditugu, konponbidea bilatzeko talde ekintza ezinbestekoa baita.
Beraz, ezin gara arriskuen ebaluaketaren zain egon ezagutzen ditugun arazoak konpontzeko. Berehala konpontzea eskatu behar dugu.
Azterketa medikoak arriskuak ezagutzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko lagungarriak izan daitezke, baina horretarako lanpostuaren ezaugarriekin zerikusia ez duten azterketa orokorrak izateari utzi behar diote.
6.- Kontzientziazioa eta borroka, konponbidearen oinarria
Lan osasun arloko sindikalgintzarako tresna nagusia ez dira Lan Ikuskaritzaren aurrean egin ditzakegun salaketak. Lanez gainezka dagoen erakundea da Lan Ikuskaritza eta behin baino gehiagotan arazoak konpontzeko inolako borondaterik ez duten ikuskatzaileak aurkitzen ditugu. Arazoak konpondu ahal izateko garantiarik onena, langileak informatzea eta kontzientziatzea da, eta posible denean mobilizaziora jotzea. Komunikabideak erabiltzea ere oso garrantzitsua da. Enpresari eta politikari askok nahiago dute Lan Ikuskaritzaren isuna ordaindu, komunikabideetan bere burua salatuta ikustea baino.>
Lege berriak enpresarien betebeharrak ezartzen ditu, eta bete ditzatela eskatu behar diegu, baina hori lortzeko, Legea paper errea izan ez dadin, ezinbestekoa da langileen presioa.
7.- Prebentziorako Delegatuak lantoki guztietan
Legea onartu baino lehen enpresa gehienetan ez zegoen Laneko segurtasun eta higienerako Batzorderik eta eratuta zeudenen gehiengoak ez zuen ia ezer egiten. Lege berriak erabateko aldaketa eragitea lortu behar dugu, lan kontratuen kontrolari buruzko legearekin gertatu zena errepikatu nahi ez badugu. Oraingo honetan paper errea izan ez dadin, lanari ekin behar diogu.
Lau helburu bete behar ditugu:
Legea edo komenioaren arabera dagozkien Prebentziorako Delegatuak hautatu gabe eta Laneko segurtasun eta osasunerako Batzordea eratu gabe geratzen diren enpresa edo lantokirik ez egotea. Prebentziorako Delegatuak Lan Delegaritzan erregistratu behar ditugu, hauteskunde sindikalen emaitzekin egiten den moduan. Delegaritzan inprimakirik ez dagoela esaten badizuete, sindikatuan eskatu.
Jendetsu eta sakabanatuak diren alorretan, irakaskuntza publikoa ez unibertsitarioan, kasu, Prebentziorako Delegatuak zehaztu eta hautatzeko esparrua ikastetxea izatea. Zentroetako Prebentziorako Delegatuek zonalde bakoitzean Laneko segurtasun eta osasun Batzordea osatuko lukete.
Pertsonalaren delegatuak, Enpresa batzordekideak edo Pertsonal batzordekideak ez diren langileek ere Prebentziorako Delegatu izendatua izateko aukera eduki behar dute. Ahal den guztietan lan osasun arloko sindikalgintza horretan soilik dabiltzan pertsonak izatea. Aukera hori akordio edo komenioetan zehaztu behar da, baita ordu sindikal espezifikoak ere.
Prebentziorako Delegatua ekintzaile aktiboa izatea. Arriskuak zehaztu behar ditu, lantokiak eta lanpostuak bisitatuz, eta modu sistematikoan langileen iritziak bilduz. Somatutako arazoaren garrantzia aztertu behar du, legeak eta teknika kontutan hartuz. Langileak informatu behar ditu, aholkuak eman, eta egoera hobetzeko proposamenak afektatuta dauden pertsonekin eztabaidatu. Lan Ikuskaritzak eta arriskuen ebaluazioa burutzen duten teknikarien bisitaldietan parte hartu behar du eta bere iritziak beraiekin kontrastatu. Somatutako arazoak konpontzeko bideak proposatu behar ditu, eta hartu behar diren neurriak enpresarekin negoziatu.
Hori guztia egiteko, Prebentziorako Delegatuek bitartekoak eta formazioa behar dute, enpresak eman behar dizkiena. Komenio batzuetan formaziorako 80 ordu urteko hitzartzen ari dira, dena enpresaren borondatearen eskuetan ez uzteko. Hala ere, STEE-EILASen egoitza guztietan formaziorako materiala aurkituko dituzte, baita Euskal Herriko irakaskuntzaren alor guztietako Prebentziorako Delegatuek osatutako Lan Taldearen laguntza ere.
8.- Prebentzioaren aldeko kultura sortu
Hezkuntza sistemak oso zeregin garrantzitsua dauka gure gizartean lan arriskuak prebenitzeko kultura sortzeko ahaleginean. Horrek zera eskatzen du: alde batetik, arlo honetarako titulazio espezifikoak sortzea, eta, garrantzitsuagoa dena, prebentziorako kultura hezkuntzako maila guztietan sartzea.
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan erabiltzen diren testu liburu batzuetan ez da gai hau zaintzen eta umeak normaltzat har dezakete irudietan ikusten dutena, hots, katea-produkzioan aritzea langileen babeserako neurri edo tresnarik gabe edo segurtasun neurririk erabiltzen ez dituzten garabiak maneiatzea, bi adibide aipatzearren.
Unibertsitatean edo Lanbide Heziketan dauden segurtasun eta higieneari buruzko ikasgaiak garrantzirik gabekoak dira, eta ikasketa planetan hutsaren hurrengoa baino ez dira.
Egoera horri buelta eman behar diogu. Gaur egun, enpleguaren behin behinekotasuna da laneko segurtasun eta osasuna hobetzeko oztoporik handiena, eta hori dela eta, orduan eta garrantzitsuagoa da gizartean prebentzioaren aldeko kultura egotea, eta lan merkatura heltzen diren pertsona guztiak aldez aurretik kontzientziatua egotea, osasuna saltzen ez dela jakitea
|