
Gauza bera gertatzen da datuak ikusteko pantailekin lan
egiteari dagokionez. Ordenagailuak berehala ugaldu dira lan munduan, eta edonon
kokatu dira eta edonola erabiltzen dira. 90/270/CEE Zuzentarauak ordenagailuak
dituzten lanpostuen gutxienezko baldintzak ezartzen ditu. Zuzentarauaren trasposizioa
1997/488 Errege Dekretuak egin du (apirilaren 14koa da eta 97-4-23ko BOEn argitaratua).
Lanpostua, pantaila, teklatua mahaia eta aulkiaren ezaugarriak zehazten ditu
Zuzentarauak, baita inguruarenak ere (espazioa, argiztatze, isladak, itsualdiak,
zarata, beroa, erradiazioak eta hezetasuna) eta, azkenik, programa informatikoek
bete behar dituzten baldintzak, ordenagailua eta pertsonaren arteko hartu emanak
pertsonaren osasunerako kaltegarriak izan ez daitezen. Halaber, ordenagailuekin
egunero lan egiten denean, aldiro lana utzi edo lanaz aldatu behar dela zehazten
da, baita horrelako lanpostuetan dauden langileei ikusmena azterketak aldiro
egingo zaizkiela ere.
Errege Dekretuaren arabera, 1998.eko apirilaren 24az geroztik datuak ikusteko pantailak dituzten lanpostu guztiek Zuzentarauak ezarritako baldintzak bete behar dituzte, oro har, irudian agertzen direnak. Neurri horien helburua Tunel Karpianoaren Sindromea (eskuetako zaintxurien handitzeak sortutako atzamarren inurridura), odolaren zirkulazio txarra edo ikusmenaren estresa bezalako gaixotasunak ekiditzea da.
Zuzentaraua aplikatzeko, langileen zeregina errazteko eta beren osasuna zaintzeko produktu ergonomikoak erabili behar dira. Oinpausugailuak, eskumuturpausugailuak (hala teklaturako nola sagurako), atrilak, iragazkiak eta aulki ergonomikoak ordenagailu zein inprimagailuak bezain arruntak izan behar dira. Gainera, kostu txiki eta eragin handia duten produktuak dira. Horregatik da hain ulertezina produktu horiek erosi eta erabiltzearen aurrean enpresariek dituzten itxikeria. |