STEE-EILASen aburuz, EAEko Hezkuntza Sailak onartutako ikastetxe publikoetako Prebentzio Laguntzaileen ordu kreditua gutxiegi da
Ikasturte hasierako Zirkularrak asteko 2 orduko dedikazioa baino ez du ezarri, eta klase orduak murriztu gabe. Ikastetxeak handiak edo txikiak izatea ez da kontutan hartzen, ezta laborategi edo tailerrak izatea ere.
Ikastetxeetan agertzen diren lan arriskuak ekiditearen aldeko apustu sendoa egin beharrean itxurakeria izan da Hezkuntza Sailaren aukera.
2003-2004 ikasturte hasierako Zirkularrak (55. orr,) asteko 2 ordutan finkatu du Euskal Autonomi Elkarteko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetako Prebentzio Laguntzaileek izango duten ordu kreditua. Ikastetxeetako laneko segurtasuna eta osasuna hobetzeko zereginetarako pertsona horiek beren lan ordutegiaren barruan ordu batzuk izango zituztela agindu zuen Hezkuntza Sailak, baina dedikazio hori zehaztu duenean zikoizkeria izan da nagusi. Asteko bi ordu baino ez dira ezarri, eta gainera klase orduak murriztu gabe. Barne bilera egiteko eta gurasoekin egoteko orduak ere ez dira murriztu.
1996.az geroztik indarrean dagoen Lan arriskuen prebentziorako legeak edozein motatako enpresei emandako aginduetako bat enpresa bakoitzaren arriskuen eta ezaugarrien araberako prebentziorako egitura sortzea zen. Irakaskuntzan ezaugarri hauek hartu behar ditugu kontutan:
- Lan arrisku askok ikasleengan ere eragina dutela.
- Baldintza fisiko ezegokiak (zarata, bero edo hotz handia, argiztapen ezegokia) irakaskuntzaren kalitaterako kaltegarriak direla.
- Lana ez dela dena berdina ezta leku bakar batean egiten. EAEn 640 ikastetxe publiko daude, eta horien artean dagoen aniztasuna oso handia da, haur hezkuntzatik, batxilergoa eta goi mailako lanbide heziketaraino.
Horregatik ez zen nahikoa zeuden zerbitzu medikoak indartzea prebentzio zerbitzuak eratzeko. Ikastetxe bakoitzean dauden akats eta arriskuen berri ematen duen arduraduna behar zen, lankideei zein goi karguei egoera horiek jakinarazteko eta laneko segurtasuna eta osasuna zaintzeko arauak betetzea bultzatzeko zeregina duena.
dute dagoeneko, baina bere lana egiteko ezinbestekoa zen ordu kreditua erabaki gabe zegoen. Eta azkenean onartu den ordu kreditua ikastetxeetako arriskuak identifikatzeko eta prebentzio kultura sortzeko gutxiegi dela uste du STEE-EILASek. Izendatutakoek bi zaintza gutxiago egitea ez da nahikoa lan hori egin ahal izateko ezta beren lan zama orekatzeko ere, ardura berriak zama hori handitu egin du eta.
Ikastetxeak handiak edo txikiak izatea ez da kontutan hartzen, ezta laborategi edo tailerrak izatea ere, nahiz eta egoera horiek arriskuak areagotzen dituzten eta prebentzioan laguntzeko ardura dutenen dedikazioa areagotzea logikoa litzatekeen.
STEE-EILASen ustez, kreditu eskas horrek zaildu egingo du ikastetxeko laguntzaileen arteko koordinazio bilerak edo prestakuntza saioak egitea. Hezkuntza Sailak, berriz, ekintza horiek beste motatako kredituen bidez egingo direla adierazi du.
Gainera, ikastetxeetan dauden beste ardurekiko diskriminazioa dagoela salatzen dugu, beste arduretarako bai dagoelako klase orduen murrizketa eta ikastetxearen ezaugarrien araberako ordu kopurua. Izan ere, Hezkuntza Sailak gai bakoitzari ematen dion garrantzia ez baita adierazten agintariek egindako diskurtsoen bidez, horretarako erabiltzen diren baliabideak ikusita baizik.
Kasu honetan, ikastetxeen segurtasun eta osasun arazoen aurrean, Hezkuntza Sailak erabili duen irizpidea bere hezkuntza politika osoa gidatzen duen bakarra da: AHALIK ETA GUTXIEN GASTATZEA. Eta orain birritan erabiltzen du: alde batetik ardura berria martxan jarri du inolako gasturik gabe, eta gainera, pertsona horiek lan egiteko denbora gutxi izango dituztenez, ezin izango dituzte akats, arrisku edo arazo asko identifikatu, eta gutxiago gastatuko da egoera horiek konpontzeko.
Hain ikuspuntu itxia salatzeko, zera azalduko dugu: orain ere diru mordoa gastatzen da ikastetxeak berritzen, erreformatzen eta eraikitzen, baina prebentzio irizpidea kontutan hartzen ez denez, gastatutako dirutzak askotan ez du batere laguntzen lan arriskuak gutxitzen, ezta irakaskuntzaren kalitatea hobetzen ere.
Hala ere, Prebentzio Laguntzaileen dedikazioari buruz hartutako erabaki okerra 2004-2005 ikasturtean zuzentzeko aukera egon daiteke, Hezkuntza Saila prest agertu baita 2003-2004 ikasturtearen esperientzia aztertzeko eta horren arabera aldaketak egiteko.
Beraz, dei berezia egiten diegu ikastetxeei eta prebentzio laguntzaileei argi eta garbi esateko Hezkuntza Sailari onartutako ordu kreditua txikiegia dela, eta eskatzen zaien lan bakoitzaren aurrean aztertzeko hori egitea posible den ala ez eta zenbat denbora behako den lan hori egiteko, dagoen ordu kreditua egonda.
Hezkuntza Sailaren zikoizkeriaren aurrean ezin dugu etsi, ezta boluntarismo hutsean erori era, baizik eta tinko jarraitu gure ikastetxeetako akatsak eta arriskuan konpon ditzaten eskatzen.
Interneteko helbide interresgarriak:
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Laneko segurtasun eta osasunerako politika orokorra
Prebentzio Zerbitzuen Arautegia, prebentzio arloan oinarrizko prestakuntza eta ardura duten pertsonek jakin eta egin behar dutena zehazten duena. Ikastetxeetako Prebentzio Laguntzaileak maila horretakoak dira.
|