EAE Nafarroa
Arloak
Gurea Gaiak
Publikoa
H. Hezkuntza
L. Hezkuntza
B. Hezkuntza
Lanbide H.
Unibertsitatea
Hezkuntza politika
Lan Osasuna
Emakumea
Inmigrazioa
Gizarte mugim.
Nortasun ezaug.
Eilastasuna
Argitalpenak
Prentsa oharrak
Kontaktatu
Afiliatu
LOE
Bullying
Euskara
Aurrekontuak
AJENDA
FOROAK
Legedia
Loturak
PDF formatoa
stee-eilasen
 
Jazarpena

EHU jazarpenik gabeko esparrua izateko akordioa

Irakurri segidan laburpena eta STEE-EILASen iritzia, eskuratu testu osoa edo bisitatu web gune interesgarriak

2003ko urriaren 6an, EHUko Errektoreak eta Unibertsitatean ordezkaritza daukagun sindikatuok EHUko langile guztiei jazarpenik gabeko esparrua eskaintzeko helburua duen akordioa sinatu genuen. Jazarpen mota guztiak hartzen dira kontutan, hala jazarpen morala eta sexuala nola arrazoi ideologiko, politiko edo sindikalengatik egiten dena.

Akordioa Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta bertako langileen sindikatuak 2001.eko otsailean lortutako akordioan oinarritzen da eta gure inguruan ez da orain arte horrelakorik gauzatu. Beraz, oso berritzailea dela esan dezakegu.

ZERTAZ ARI GARA? Pertsona guztiok tratu egokia, errespetuzkoa, duina eta diskriminaziorik gabekoa jasotzeko eskubidea dugunez, pertsona bakoitzarentzat diskriminatzailea, iraingarria, umiliagarria edo oldarkorra den edo norberaren bizitza pribatuaren kontra doan edozein ekintza, jokaera, esaera zein eskaera, jazarpentzat hartuta izango da. EHUko irakasleak zein Administrazio eta Zerbitzuetako langileak babestuak izango dira, 5.000 langile, oro har.

PREBENTZIOA.- Jazarpena oso falta larria izango da Unibertsitatean, zeinaren aurrean ezin da itsuarena egin. Kalifikazio hori oso garrantzitsua da prebentzioan aurrera egiteko. Gainera, langile guztiek izango dute akordioaren edukiaren berri.

Zuzendaritza karguak dituzten pertsonei, hala kargu administratiboak nola akademikoak, jazarpenari buruzko prestakuntza emango zaie jazarpena zer den jakin dezaten, horrelakorik egin ez dezaten eta beren inguruetan gerta ez dadin adi egon daitezen. Prestakuntza berehala hasiko da. Urriaren 20an Gasteizen, urriaren 27an Leioan eta azaroaren 3an Donostian Iñaki Olaizola (OSALANeko medikua) eta Xabier Sansebastian (EHUko psikologia irakaslea) izango dira hizlariak 10,30etan hasiko diren emanaldietan.

JAZARPEN SALAKETAK TRAMITATZEKO MODUAK.- Prozeduraren helburua jazarpena bere hastapenetan geldiaraztea da, justizia epaitegietara joan gabe eta arrazoizkoak diren epeetan egoera hauek konpondu ahal izateko.

Jazarpena jasaten duen pertsonak behin behineko babes neurriak eska ditzake, eta horien artean jazarpena egiten dion pertsona edo pertsonekin lan egiteari uztea. Halaber, jazarpen salaketa egiteagatik inor diskriminatua, errepresaliatua edo beldurtua ez izatea bermatzen da. Prozedura osoak inplikatutako pertsonen intimitatea babestuko du.

1.- Borondatezko konponketa.- Egokiena zera litzateke: jazarpena jasaten duena eta jazarpena egiten du(t)ena(k) hitz egitea, egoera argitzea eta konpontzea. Horretarako, langileen gestioan, prebentzioan edo sindikalgintzan ardura duten pertsonen aholkua eska dezake. Pertsona horietako bat akosatzeileekin egiten den bileran ere egon daiteke, konponbidea errazteko asmoz.

2.- Elkarrizketaren bidezko konponketa.- Aurreko prozesuan ezer lortzen ez bada edo jazarpena jasan duenak aurreko bidea egokia ez dela uste badu, zera egin dezake:

a) Nagusiari bilera eskatu, egoera konpontzeko zerbait egin dezan eskatzeko.

b) ALDEZLEaren aurrean jazarpen salaketa aurkeztea. ALDEZLEA unibertsitateko Arartekoa da, Estatutu berrietan sortutako ardura berria. ALDEZLEak gertatutakoa ikertuko du eta 60 eguneko epean egokiak diren konponbideak proposatuko ditu. Figura berri hori martxan jarri arte, Prebentzio Zerbitzuak egingo du lan hori.

3.- Arbitraia Batzordearen erabakiaren bidezko konponketa.- ALDEZLEk proposatutakoa jazarpena jasan duenaren gustukoa ez bada edo proposamen hori gauzatu ez bada, jazarpena jasan duenak Arbitraia Batzordearen aurrean egin dezake salaketa. Batzorde bitarikoa da, Unibertsitateko eta sindikatuetako hiruna ordezkarik osatuta.

Gehienez jota 45 eguneko epean egoera konpontzeko proposamena eta bere arrazonamenduak aurkeztuko dizkio Errektoreari. Errektoreak 15 eguneko epea izango du erabakia ez onartzeko bere arrazoiak jakinarazteko. Epe horretan ezer esaten ez badu, Arbitraia Batzordearen erabakia behin betikoa izango da.

STEE-EILASen IRITZIA.- Unibertsitatea ingurune ezin hobea da jazarpena agertzeko. Funtzio publikoan sartzeko prozedurei esker, nagusien gustukoak ez diren pertsonek lanpostua lor dezakete lehiaketetan. Beraz, nagusiek pertsona horien bizitza infernu bihurtzen dute, alde egin dezaten. Beste aldetik nahiko zabalduta dago lidergoa lan taldeko guztiak menperatzean oinarritzen den joera. Eta baietz esaten ez duena indarrez menperatu behar zaio, beste guztientzako abisua emateko. Tamalez, erdipurdiko buruzagiak ere ez dira falta, eta bere menpean dagoen norbait profesional ona bada, nagusiarentzat arriskua izan daitekeenez, jazarpena jasango du. Azkenik, desberdintasuna onartzen ere ez gara batere iaioak. Edozein ezaugarriaren ondorioz desberdina dena edo talde nagusiarekin bat egiten ez duenak jazarpenaren helburu izateko aukera asko dauzka.

Orain arte, Unibertsitateko agintariek abegikorragoak izan dira erasotzaileekiko biktimekiko baino, normalean erasotzaileak boteredunak direlako eta agintarien artean ondo kokatuta daudelako. Askotan biktimen kontra ere jo egin dute gure agintariek erotzat edo gatazka sortzailetzat hartuz.

Sinatu berri dugun akordioa egoera aldatzen hasteko mugarria izan behar da. Gure gizartean gero eta zabalduago dago elkarbizitza zibilizatua pertsonen eta beren duintasunaren errespetuan oinarritzen duen irizpidea. Akordio honen bidez EHUk bat egin du irizpide horrekin.

Jazarpena Unibertsitatetik desagertarazteko bideari biktimek beraiek ekin zioten, antolatuz eta bere ahotsa entzunaraziz, sindikatuok lagundu egun dugu, eta zorionez borondate oneko arduradunak topatu ditugu Unibertsitateko ordezkarien artean, hobetzeko asmo irmoa erakutsi dutenak. Orain denon ardura izango da akordioa aurrera eramatea eta jazarpena erabat desagertaraztea.

Akordioaren testu osoa eskuratu ( PDF 44 K)

Jazarpenari buruzko EHUko Foroaren web orria

Jazarpen egoerak irakasleen artean

(Jazarpenari buruzko EHUko Foroak egindako dokumentua. Gaztelaniaz)

Jazarpen egoerak AZPko kideen artean

(Jazarpenari buruzko EHUko Foroak egindako dokumentua. Gaztelaniaz)