Ikasleria etorkinaren eskola-integrazioaren giltzarria gaur egun ditugun matrikulazio
eta eskolatze irizpidetan datza, gehiengo handi bat ikastetxe eta hizkuntza
eredu zehatz batzuetan pilatzera bultzatzen baitu, hau da, EAEn A ereduetako
ikastetxe publikoetan eta Nafarroan G ereduan. Gure ustez pilaketa honek ikastetxe
batzuen getizazioa baino ez dakar eta integraziorako oztopo handi suertatzen
da.
Etxebizitza merkeak aurkitzeko aukera, lan eskaintzak eta beraien artean eratutako
elkartasun sareak direla-eta, zenbait zonalde eta auzotan ematen den etorkinen
pilaketak, alde batetik, eta hizkuntza-ereduen arazoak, bestetik, hainbat ikastetxe
getizazio bidean jarri ditu edo aurretik ematen ziren ezaugarri horiek areagotu
egin ditu. Uste dugu egoera hori konpentsatu beharra dagoela ikastetxetako matrikulazioa
planifikatuz eta egoerak eragindako zonaldean esku-hartze neurri malguak ezarriz.
1982. urteko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak honoko hau
dio hartzen du helburutzat "derrigorrezko heziketa amaitzerakoan ikasleari bermatu
behar zaio bi hizkuntza ofizialen ezagupena nahikoa eta erabilera praktiko bat
izateko gaitasuna, beti ere berdintasunean ". Ukaezina da euskalduntzeari dagokionean
ereduen sistemak bere emaitzak eman dituela baina era berean aipatu beharra
dago ez duela bete ikasleriak derrigorrezko heziketaren amaieran bi hizkuntza
ofizialetan izan beharko zuketen konpetentzia linguistikoa lortzeko helburua,
batez ere A eredukoek. Begi bistakoa da hau giza bazterketarako beste faktore
bat dela.
Bestalde, 1986ko Nafarroako Euskararen Legeak dioenez, "beronen funtsezko helburuak
dira euskara ezagutu eta erabiltzeko herritarrek duten eskubidea babestea (...),
euskararen berreskuratzea eta garapena babestea Nafarroan (...) eta euskararen
erabilera eta irakaskuntza bermatzea pixkanakako eta borondatezko izaeran eta
errespetuan oinarrituz, Nafarroako egoera soziolinguistikoari atxikiz" eta aitortzen
duenez "gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak dira eta, beraz,
herritar GUZTIEK dute ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea". Indarrean jarri
zenetik hamabost urte pasa eta gero, lege hau ez da behar bezala garatu, eta
helburu horiek lortzeko ez da urratsik eman, are gutxiago Nafarroako herritar
guztiek ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.
STEE-EILASen aspaldidanik ari gara aztertzen EAEko ereduen sistemaren inguruan
egin beharreko hausnarketa, kontsensu zabal bat bultzatuz, berau gaindituko
duen eredu malguago bat lortzeko asmotan (ikus, 2000ko urtarrilean Kontseilu
Nazionalean aurkeztutako txostena). Halaber, Nafarroan inposatutako zonifikazio
artifizialarekin hautsi eta euskararen irakaskuntzarako (D eredua) eskubidea
bermatu behar da sare publikoan, batetik, eta unibertsitateaz kanpoko ikasleria
osoarentzat euskararen irakaskuntza ezarri curriculumean, bestetik (A ereduaren
orokortzea)
Gure ustez bermatu beharra dago ikasleriaren banaketa orekatuago bat eta era
berean ikasleen konpetentzia linguistikoa euskaraz nahiz erdaraz egiazkoa izan
dadila. Horretarako. aldi baterako ez dagoen ikasleria euskal ereduetako ikastetxetan
integratzea lortu beharko genuke. Halaber, Nafarroan ikasle etorkinen euskara
ezagutu eta erabiltzeko eskubidea bermatu beharko litzateke, gainontzeko ikasleen
baldintza beretan, beharrezkoak diren neurri eta baliabide osagarriak jarriz.
|
Hurrengo atala: Kulturarteko
hezkuntza
|
![]()
2002-Ots-26