Proposamenaren oinarriak: Sarrera

Gizateriaren historian migrakuntza mugimenduak etengabeak izan dira. Gaur egun migrakuntzek ondorio politiko, kultural, ekonomiko eta sozial larriak eta konplexuak dituzte.

Migrakuntza-prozesuak eragiten dituzten prozesuak mota askotakoak dira, baina aipatu beharra dago lehendabizi eta behin, gizateriaren zati handi batek pairatzen duen azpigarapen izugarriak sortzen duen behar sozio-ekonomikoa. Ez dugu ahaztu behar desplazamendu hauek nazioarteko lanaren banaketan merkatu globalizatzaile baten agindu ekonomikoek eraginda direla: alde batetik, bizitzeko inolako aukerarik ez duten eremu geografiko handietan eta bestaldetik "lehiakortasun osoko" baldintzetan lan indarraren eskaera batek erakarrita. Herrialde "garatuetan" zenbait lanetarako lan eskaintzek bertako langileriarengan duen erakargarritasun eskasak bultzatzen ditu milioika pertsona migratzera lanpostu horiek betetzeko.

Biziraupenerako motibazio ekonomiko honi beste batzuk erantsi behar zaizkio, hala nola gerra zibilek eta diktadurek eragindako jazarpen etniko eta politikoa, eta guzti honek pertsona askok bere jaioterria utzi eta erbestera joan behar izatea dakar ondorio gisa, heriotza, beldurra eta biolentziatik ihes egin beharra alegia. Beste zenbait kasutan genero edo ingurugiro biolentziatik ihes egiten da. Ezin da ukatu migrakuntzak txirotasuna bera bezala gero eta femeninoagoa dela eta migratzen duten emakumeen artean gero eta gehiago direla bakarka,haurdun edo seme-alabekin egoera honi aurre egiten diotenak.

Halaber, gero eta kezkagarriagoa da egunetik egunera handitzen doan migratzen duten nerabeen kopurua, era klandestino batean ailegatzen direlarik arrisku larriak pairatuz.

Migrakuntzak izugarrizko eragina dauka etorkinen eta beraien familien artean, eta baita ere eta une berean jatorrizko zein harrerazko herrialdeetan .Inolako zalantzarik gabe eta beti ere harrerazko gizarteen ikuspegitik - kasu honetan Euskal Herritik- funtsezko gaia etorkinen integrazio soziala da, hau da, ailegatzen direnen eta bertakoen arteko bizikidetzak sortzen duen arazoari irtenbide egoki bat ematea.

Argi dago etorkinen zein beste gizatalde baztertuen integraziorako biderik zuzenena hezkuntza dela. Dena den hezkuntzak bete dezakeen papera erlatibizatu beharra dago beste faktoreek ere zerikusi handia dutelako, hala nola, etorkinen ezaugarriez gain beraiei dagokien legedia eta arautegia, hemen bizi ahal izateko lege baldintzak, familiaren egoera, bizi dituzten baldintza sozio-ekonomikoak, lan aukerak, etxebizitza, hobekuntza aukerak, e.a.

Honengatik guztiarengatik esan dezakegu alde sozialak, ekonomikoak eta politikoak hezkuntzarenak eta kulturalak bezain garrantzitsuak direla, beraz, guztiz beharrezkoa da etorkinak guztiz integratuko dituen erakundeen arteko ekintza plangintza bat abian jartzea.


2002-Ots-26